Hizpideren azken kontzertua
Hizpide musika taldeak agur esango dio bere ibilbideari larunbatean, azken kontzertu batekin. Segurako Izkiña tabernan izango da emanaldia, 23:00etatik aurrera.
Hizpide musika talde segurarrak azken kontzertua eskainiko du larunbat honetan sorlekuan. Izkiña tabernan izango da hitzordua, 23:00etatik aurrera. Emanaldi honekin emango dute amaitutzat ia bost urtez luzatu den ibilbidea, musikaz haragoko arrazoiek eraginda. Iker Francisco taldekideak aurreratu duenez, Hizpideren ibilbide guztiari erreferentzia egingo dion kontzertu bat prestatzen ari dira, «gure abesti ezagunenak joko ditugu, bertsioak eta baita orain arte publikatu gabeko abesti propioren bat edo beste ere», aurreratu du. Azkenekoa izango da, eta horregatik dena emateko prest daude.
Hizpide taldea Sahatsa Izagirrek (baxua), Manex Rivelak (bateria), Aimar Barandiaranek (pianoa eta ahotsa) eta Franciscok (gitarra eta ahotsa) osatzen dute gaur egun, baina izan ditu gorabeherak bost urte hauetan: Galerna deitzetik Hizpide izatera eta hirukote izatetik laukote izatera. Estilo bakar batekin identifikatzea gustatzen ez zaien arren, «poparen eta rockaren artean» mugitzen dira. Abestietan maitasunaz, osasun mentalaz eta «gaur egungo gizartean gure belaunaldiko gazteentzat eguneroko arazoak» diren horiei buruz hitz egiten dute, batez ere.
Hogeitik gora zuzeneko eta disko bat — Zaurgarri, 2023— dira bost urte hauek utzitako emaitza zenbakitan, baina Hizpidek askoz ere gehiago suposatu du taldekideentzat, «musikalki hazteko» bidea, besteren artean. Gero eta «indibidualagoa» den gizarte honetan taldean lan egitea ere erronka izan da, «bikote harreman baten antzekoa da. Elkarri zaintzen ikasi dugu, besteenera egokitzen eta guztiok elkarrekin aurrera egiten», dio Franciscok. Gaztetxeak, tabernak, txosnak eta herriko plazak izan dituzte agertoki eta guztiz eskertuta daude aukera eman dieten guztiei, «zuzenekoek aurrera jarraitzeko indarra ematen dute, izan ere, batzuetan, oso frustragarria izan daiteke musika mundua».
Diskoa helburu
Sorreratik disko bat grabatzea izan da taldearen helburu nagusietako bat. Bidea ez zen erraza izan eta zailtasunak zailtasun Zaurgarri kaleratu zuten 2023an. Erabat autofinantzatutako proiektua izan zen, «zuzeneko guztietatik irabazitako dirua bideratu genuen horretara», dio Franciscok. Estudioko lanak «musikalki ikasketa sakonagoa» suposatu zuen taldearentzat, «ahalegin handiagoa egin behar izan genuen, zuzenekoetara ohituago geunden. Abesti bat produzitzeak aurrez xehetasun askotan pentsatzea dakar; zuzenekoa berriz energia da, bat-batekotasuna. Akatsak onartuago daude», dio.
«Zorretan» daude Segurarekin, eta hortik azkeneko kontzertua bertan egitearena. «Herri honek aukera asko eman dizkigu eta herritarren babesa sentitu dugu», dio. Azken entseguak «bereziak» izaten ari dira, sentsazio askoren nahasketa. «Garrantzitsua» izan den proiektu bat amaitzearen nostalgiaz hitz egin du Franciscok, baina baita pozaz ere, «errekonozimenduak» ematen duen hortaz.
Norbere bizitza proiektuari heltzeko beharrak eta elkartzeko ezintasunak eraman ditu taldeari «amaiera duin» bat ematera. Etorkizunari begira musikak euren bizitzan zein paper jokatuko duen esatea «zaila» zaie oraintxe, baina «ziurtzat» dute musikak «beti» izango duela toki bat euren bizitzan. Larunbatean etapa bat itxiko dute, eta berri bat hasi.