Ordiziako azoka, neguko barazkien eta fruten erakusleihoa
Berritasunik gabeko feria izan da otsaileko lehena. Plaza Nagusia babesten dituzten olanak estreinatu dituzte.
Negua ez da garairik onena baratzetan produktu berriak sortzeko, baina daudenekin ondo hornituta agertzen da Ordiziako azoka asteazkenero. Gaur ere hala gertatu da, eta garai honetako barazkiz eta frutaz osatutako erakusleiho bikain eta koloretsuak eskaini dituzte Plaza Nagusiko postuek. Oraingoak dira azak, indabak, lonbardak, azaloreak, brokoliak, romaneskoak, zerbak, kuiak, porruak, ziazerbak, eskarolak, sagarrak, kiwiak… eta horietatik ez zen falta gaur goizean.
Ezta eroslerik ere, goiza hotza izan dela kontuan hartuta. Erosleen artean, ohi bezala, sukaldari batzuk ikusi dira, eta horien artean duela gutxi Mitxelin izar bar eskuratu duen Ama jatetxe tolosarrekoak izan dira.
Bisitarik ere ez da faltatu. Ia astero izaten da ikasle talderen bat azokatik bueltaka D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik, eta gaur Donostiako Ikasbide ikastetxeko LH-5ko ikasleen eta Tolosako Orixe institutuko gela bereziko kideen txanda izan da.
Olanen estreinaldia
Barazki eta fruten atalean ez da, beraz, berritasunik izan, baina gaur bestelako estreinaldirako eguna izan da. Izan ere, lehen aldiz jaitsi dituzte Plaza Nagusia babesteko udalak instalatu dituen olanak. Ikusmina eragin dute olanek, baita komentario ugari ere.
Beheraino ez direla iristen eta hotzetik ez dutela asko babesten esan dute saltzaileek orokorrean, eta babeslekurik gabeko zati horiek estaltzeko agindu dituzten plaken zain daude orain.