«Aurreneko aldiz oholtzara igoko den ume bat bezala iristen naiz Zaldibiara»
Aitziber Garmendiak (Zaldibia, 1982) ‘Arizona’ antzezlana estreinatu du, Jon Plazaolarekin (Urretxu, 1982) batera. Herriz herri dabiltza Margaret eta George senar-emazteen istorioa kontatzen. Zaldibian bi emanaldi eskainiko dituzte igandean, eta bietarako sarrerak agortuta daude.
Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik (Estatu Batuak) Margaret eta George bikotea. Minuteman proiektuarekin bat eginda, Arizonako muga idorrera heldu, eta bertan kokatu dute zaintza txokoa. Egiteko argia dute: Mexikotik AEBetara igaro nahi duten etorkinen fluxua kontrolatzea.
Zer konta dezakezu?
Juan Carlos Rubio gidoilariak sortu zuen Arizona 2008an. Euskarazko proposamena Esteban Roelek zuzendu du, Kepa Errastiren laguntzaz, eta Errastik izan du, hain justu, testua euskarara ekartzeko ardura. Obraren abiapuntua 2005eko udaberrian Jim Gilchrist aktibista estatubatuarrak sortutako Minuteman proiektua da, Ameriketako Estatu Batuetako eta Mexikoko mugan zeharkaldiak blokeatzeko erabiltzen zena. Kontrol gisa hasitakoak, baina, sarraskia izaten bukatu zuen: mexikarrek ura edaten zuten putzuak pozoitu zituzten, tiroketak egon ziren… Hori guztia kontatzen da antzezlanean, baina, gaur egunera ekarrita.
Zoritxarrez, erabateko gaurkotasuna duen funtzio bat da, Donald Trump boterera sartu den garaian estreinatu baita antzezlana. Hala, Minuteman, Trumpen eta egungo presidentearen arteko hibrido bat dela esan daiteke.
Zein da obraren tonua?
Komedia dramatikoa da. Kontakizunaren oinarria oso larria denez, muturreko pertsonaiak sortu eta komediatik kontatzea erabaki genuen, baina, kontu handia izanda. Guri ia natural edo oharkabean ateratzen zaigu komedia, baina gisa honetako gaiekin, ezinbestekoa da pultsua hartzea, entzuleak gaia ondo ulertu eta lanketarako bide eman dezan. Bi genero horiek uztartzea baino, beraz, oreka hori lortzea da zailena.
Margareten papera egiten duzu. Nolakoa da?
Margaret da bietan helburuak gutxien ulertzen dituena eta George, berriz, autoritarioena: badaki zertara joan garen mugara, badaki gatazkaren zein aldetan kokatzen den bakoitza… Margaretek gutxika-gutxika lortuko du mezu autoritario horietatik kanpo bere kabuz pentsatzeko, zalantza egiteko edo behintzat galdetzeko gaitasuna garatzea. Pertsonaia maitagarria da funtsean, eta ez du halako gorrotorik sortzen publikoarengan. Kontrara, hain ezjakina da horrenbeste zentzutan, publikoari gertukoa suertatzen zaiola. Gainera, gauza asko ahazten dituenez, are zaurgarritasun handiagoa ematen dio pertsonaiari.
Muga, bakardadea, ihesa… gai gogorrak jorratzen dituzue. Zer sorrarazi nahi duzue publikoarengan?
Gustatuko litzaidake ikus-entzuleek norbere mugen inguruko hausnarketak egitea. Izan ere, Estatu Batuak eta Mexikoren arteko mugaz harago, muga asko ditugu: muga fisikoak, urrutira joan gabe topa ditzakegunak; eta, muga mentalak. Niretzat horiek dira arriskutsuenak. Zurrunenak. Denok ditugunak, eta pentsatzen jarri arte non eta zergatik dauden konturatzen ez garenak.
«Arriskatzearen plazera sentitzea izan da onena. Sentsazio horrek askatasun sentimendu handia ematen dit beti»
Nola islatzen da obra hau egungo errealitatean?
Trump munduko komedia guztia egin diezaiokezun pertsonaia da; bufoia eta gaiztoa da, gainera. Horri heldu diogu forma eta tonu aldetik, eta, zentzu berean bi pertsonaiak tuntunak izan zitezen egin ditugu, besteak beste, pentsamolde errepublikarra salatu eta pentsaera hori duen jendeari kritika egiteko. Kuriosoa da Trumpekin eta errepublikanoekin gu biok bezalako bi pertsona erabat intolerante obran tolerantziaz aritzea. Kontraesan txiki bat izan daiteke, baina beharrezko kontraesana da hori.
Zaila izan al da?
Kasu askotan kosta zaigu esaldi bat edo beste esatea. Azken batean, gugandik oso urruti dauden pertsonaiak dira, eta nahiz eta gure antzekotasunik ez duten pertsonaiak antzeztu izan ditugun, inoiz ez gara hain muturrekoa den eta hain gauza itsusiak defendatzen dituzten pertsonen azalean jarri.
Halako interpretazio bat egiten dugun aurreneko aldia izan da, eta, kosta zaigun arren, juiziorik egin gabe haien azalean jarri eta istorioa kontatzera mugatu gara, alegia, aktore batek bere pertsonaia prestatu behar duen bezala jokatzen ahalegindu gara. Oso zaila da hori, eta momenturen batean guk ere entseguetan elkarri begiratu eta esan izan dugu: A ze nazka, ez zaitut begien aurrean ikusi ere egin nahi! [barreak]. Hori guztia bereizten jakitea lan oso konplikatua da.
Zein irakaspen atera duzu?
Gure ongizate-zonatik asko aldentzen den antzezlana izanda, arriskatzeko aukera handia eman digu. Orain arteko emanaldietan funtzionatu badu ere, zalantza asko izan genituen hasieran, ez baikenekien gustatuko zen edo tonua bera arriskatuegia ez ote zen izango. Agian hori ulertzea izan da gehien kostatu zaidana. Hala ere, dudarik gabe, arriskatzearen plazera sentitzea izan da onena. Sentsazio horrek askatasun sentimendu handia ematen dit beti.
«Ia oharkabean ateratzen zaigu komedia, baina gisa honetako gaiekin, ezinbestekoa da pultsua hartzea»
Lantalde ona izateak lana erraztuko du. Nolakoa izan da Jon Plazaolarekin lan egitea?
Plazer bat. Gogotsu ginen berriz ere elkarrekin lanera bueltatzeko, eta hemen gaude bizpahiru urteren ondoren. Oso erraza da asko ezagutzen duzun eta kimika handia duzun pertsonarekin lan egitea, harremanean konfiantza izateak hanka sartzeko aukera ere ematen dizulako. Beldurrik gabe entseatzen dut berarekin; ahal dugun guztia ematen ahalegintzen gara, eta funtzionatzen ez dituzten gauzak kentzen ditugu gero. Oso exijentea naiz nire buruarekin lanean nagoenean, eta beti esan izan dut Jonek nire trastorno bera duela; oso ondo ulertzen gara eta eskertzekoa da hori.
Igandean Zaldibian egongo zara, eta bi emanaldi egingo dituzue. Berotasun handia senti dezakezu herrian…
Itzela, bai. Zaldibiako emanaldia beti izaten da berezia. Zein pozik joaten naizen. Zein urduri. Ume txiki bat bezala joaten naiz, alegia, aurreneko aldiz oholtzara igoko den ume bat bezala iristen naiz Zaldibiara. Sekula gainetik kendu ez dudan sentsazio bat izan da hau, eta ez dut nahi kendu, gainera. Zaldibiara bueltatzea umetako garaietara bueltatzea bezala da, eta oholtzak umetako inpresio bera sorrarazten dit. Publikoa hain gertu sentitzen dut beti, hain bero… oso maitatua sentitzen naiz. Ezin dut hitzez hobeto adierazi.
Bigarren funtzio bat jarri dute gainera, Zaldibiako herritarrek hala eskatuta. Hori da nahi dudan demokrazia, dudarik gabe [barreak].