Lizarrustiko Parketxea berriz ere bisitatzeko prest
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak inauguratu du gaur Parketxearen barrualdeko erakusketa berria. Birgaitze lanak egiteko urtebetez itxita egon da. Martin Aramendi alkateak adierazi du ataundarrak “gustura” daudela, nahiz eta haien ustetan “luze” jo duten berritze lanek.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/img_0214-1200x900.jpg)
Lizarrustiko Parketxeak bere kultur paisaien edertasunari eta aberastasunari buruzko ikuspegia ematen duen erakusketa berritu batekin irekitu ditu gaur ateak. Instalazioak ere berritu dituzte. Hain justu, Mikel Urruzola berrikuntza lanak egin dituen enpresako kideak aipatu du Aralarren “ikuspegi zabala eskaintzea” izan dela helburu nagusietako bat, parke naturalaren inguruan “jakin-mina sustatzearekin batera”. Martin Aramendi Ataungo alkateak adierazi du berrikuntzekin gustura dauden arren, “uste eta nahi baino luzeago” joan direla birgaitze lanak.
Parketxeko hiru areto nagusiak berritu dituzte: lehenengoan, bisitariei harrera egiteko erabiltzen den gunean, parke naturalaren inguruko informazio zabala aurki daiteke, bertan egin daitezkeen ibilbide ezberdinen inguruko informaziorekin osatuta; bigarrengoan, berriz, parke naturalaren ingurumenari lotutako askotariko gaiak lantzen dira, hala nola geologia, leizeak eta haitzuloak…; erakusketa, azkenik, bisitariari euskal pertsonaia mitologikoak ezagutzera hurbiltzeko lagungarria zaion espazio batek osatzen du. Gaurtik aurrera, beraz, bertako hormetan inguruko biodibertsitateari eta geologiari buruzko informazio berritua aurkitu ahal izango da, haren historiaren eta ondarearen inguruko informazioarekin lagunduta.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak inauguratu du Parketxearen barrualdeko erakusketa berria. Erakusketa osoan zehar, euskarazko eta gaztelaniazko edukiak egokitu dira, eta informazio hori modu digitalean zabaltzeko aukera eskaini da, QR kodeen bitartez. Mendozak adierazi du urtero 2.500 pertsona inguru hurbiltzen direla Lizarrustira, gehienak ikasleak edo talde antolatuak, familiak eta mendizaleak. Erakusketa gunea, baina, ez da egin den berrikuntza bakarra izan: eraikinaren irisgarritasuna egokitzeko eta isolatzeko lanak egin dira, hezetasunaren ondorioz kaltetutako eremuak birgaitzearekin batera. Aldundiak, orotara, 201.106 euro inbertitu ditu berrikuntzetan.
Errepidea konpontzeko premia
Aramendik hitza hartu eta berehala azaldu du zein den ataundarren kezka nagusia: “Errepidearen zati bat eta beste konpontzen hasi zirela urte mordoxka bat igaro bada ere, ikusiko zenuten moduan, luiziek errepidearen galtzada kaltetu dute, eta beharrezkoa da honi konponbide bat ematea”. Hala, Mendozak adierazi du Gobernu Kontseiluak 1,4 milioi euroko hasierako inbertsioa onartu duela Ataungo GI-2120 errepidean.
“Premiazko jarduketa” honek, mala egonkortzea eta errepidearen oinarria sendotzea izango du ardatz, lurzorua finkatuz eta galtzadaren egitura berrituz. Neurri horiekin, “lur mugimendu berrien arriskua murriztea” eta “bidearen sendotasuna bermatzea” bilatzen direla adierazi du diputatu nagusiak.