Errautsetatik biziberrituta
Pasa den urteko ekainean ireki zituen ateak Sindikatoa dendak Gabiria, Ormaiztegi eta Itsaso hartzen dituen Alegia auzoan. Bederatzi ekoizle, bi hornitzaile eta 60 bazkide ditu gaur gaurkoz. Proba gaindituta, balorazio positiboa egin diote dendaren jardunari zuzendaritza taldeko kideek.
Bere errautsetatik berpizten den Greziako mitologiako Fenix hegaztia nola; hala ekin dio aro berriari Sindikatoa dendak Alegi auzoan. Ia mende bat lehenago leku berean egon zen dendatik hartu ditu izaera eta izena, eta teknologia berriak eta baliabide modernoak erabilita, gaur egungo beharrei erantzuteko denda sortu du Itsaso Herria herri ekimenak, ia zerotik hasita. Ekainean ireki zituen ateak eta dagoeneko 60 bazkide batu dira proiektura.
Alegiako Sindikatoaren proiektuak baditu berezi egiten dituen hainbat ezaugarri. Kontsumitzaile eta ekoizleen arteko elkarte bat da, konfiantzan oinarritutakoa. Erosketa modu autonomoan egin daiteke eta herri dinamika sendo baten babesa du. Baina hori guztia ez da goizetik gauera egiten, noski; urteetako lana suposatu duen proiektua izan da. «Denbora asko eskaini diogu proiektuari. Behetik gora sortu eta josi dugu», gogoratu du Pilare Muxika zuzendaritza batzordeko kideak. Proiektuaren ertz guztiei forma ematea «konplexua» izan da, «ez zegoen aurretik antzeko eredurik inon», gaineratu du.
«Asteko saskia osatu daiteke dendan dauzkagun produktuekin. Ia denetarik daukagu»
Kizkitza Oria. Zuzendaritza taldeko kidea
Dendak familia batek asebetetzeko behar duena eskaintzea izan da hasierako helburu nagusia. «Asteko saskia osatu daiteke dendan dauzkagun produktuekin. Gerta daiteke frutaren bat ez aurkitzea baina garaiko barazki guztiak ditugu, esnekiak, ogia, lekaleak, pastak, arrozak eta garbiketarako produktuak», zerrendatu ditu Kizkitza Oriak.
Dendaren bideragarritasuna
Halako leku txiki batean dendaren bideragarritasuna ziurtatzea ere erronka izan da; hortik dendaririk gabeko denda bat sortzearen ideia. Sindikatorako propio sortu den aplikazioa gakoa izan da zentzu horretan, eta baita «lorpenik handiena» ere. Izan dira funtzionatzeko modu hori errezeloz hartu dutenak hasiera batean, «erosketa burutzeko aplikazioa erabiltzen jakin beharrak beldur pixka bat sortu zuen hasieran; baina denborarekin ohitzen ari gara eta gustua ere hartu diote askok», esan du Miriam Otamendik. Larunbat goizero denda publikoarentzako irekitzen dute 11:30etik 13:00etara eta bazkide berriek ere ateak irekita dituzte.
«Horrelako proiektu batek funtziona dezan, beharrezkoa da aurretik konfiantzazko eremu bat sortzea»
Miriam Otamendi. Zuzendaritza batzordeko kidea
Ingurukoen eta kanpokoen interesa piztu du dendak eta galdezka ere gerturatu dira batzuk; izan ere estrapolagarria izateko helburuarekin ere jaio zen proiektua. Baina ez da ideia bat hartu eta kopiatzea bezain erraza, «horrelako proiektu bat martxan jartzeko beharrezko da atzetik herri dinamika sendo bat izatea», dio Muxikak. «Horrelako proiektu batek funtzionatu ahal izateko beharrezkoa da aurretik konfiantzazko eremu bat sortzea. Ez da sistema bat toki batean ezartzea soilik», gehitu du Otamendik. Baina bada beste faktore garrantzitsu bat ere Muxikaren ustetan, «tokian tokiko bertako ekoizleak zenbateraino dauden baloratuta, euren artean elkarlana dagoen ala ez… hori ere bada oinarrietako bat, ez da zoriz gertatzen den zerbait.
«Bertako ekoizleak zenbateraino dauden baloratuta, elkarlana dagoen ala ez. Hori ere bada oinarrietako bat»
Pilare Muxika. Zuzendaritza batzordeko kidea
Mugimendua bizia dela sinetsita Sindikatoari bestelako izaera bat ere eman nahi diote, elkargunearena. Horregatik ekintza ezberdinak antolatzeko ideiak soberan dituzte. Urtarrilean IMZren outlet-a antolatu zuten bertan eta etorkizunean hitzaldiak eta bestelako ekintzak ere aurreikusi dituzte.