Bilman Bus bisitatu du mugikortasun diputatuak
Goierrin Lurraldebusen zerbitzua ematen duen autobus konpainia da. Hamasei autobus eta 35 langile ditu.
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek Lurraldebus osatzen duten kontzesionarioetara bisita erronda bat hasi du Lazkaoko Zubierreka industrialdean egoitza duen Bilman Bus ezagutuz. Konpainia hori da Goierrin Lurraldebusen zerbitzua ematen duena. Gaur egun 16 autobus ditu, eta 35 langile. Enpresaren jabeetako bat den Idoia Cuadrak eta hango kudeatzaile Luis Ricok erakutsi dizkiote instalazioak Dominguezi.
Arduradunekin biltzeaz gain, diputatuak kontrol-zentroa bisitatzeko eta autobusen monitorizazioa denbora errealean nola funtzionatzen duen ikusteko aukera izan du, baita bertatik flota guztia kontrolatzeko modua ere. Era berean, kontzesionarioak eskudirua automatikoki kontabilizatzeko instalatu duen sistema modernoa ezagutu du, langileei lana asko errazten dien tresna.
Azahara Dominguezek aurreratu duenez, GGLA Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren barruan, emakida honen zerbitzuetan egiten den eskudiruzko txartelen salmenta-maila aztertuko dute, eta beharrezkoa bada, herritarrek Mugi txartela egin dezaten sustatzeko kanpaina bat egingo dute.
Bilman Busek erabiltzen dituen balioztatzeko gailu berriei buruz iritziak partekatzeko ere aprobetxatu du bisita diputatuak. Gipuzkoan sistema hori ezarri duen lehen konpainia da, eta Dominguezek eskerrak eman dizkie langileei sistema hori martxan jarri ahal izateko egin dute lanagatik.
Emakidadunen errealitatea ezagutzeko helburua
Bisita erronda hauen helburua Gipuzkoan dauden zazpi garraio enpresa emakidadunen errealitatea ezagutzea, eguneroko lana nola egiten duten ikustea, dituzten tresna teknologikoak ezagutzea eta Lurraldebusetik eskaintzen den zerbitzua “gero eta hobea” izan dadin lankidetza moduak aurkitzea da, Dominguezek zehaztu duenez: “Egunero lan egiten dugu garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko eta herritarren benetako beharretara egokitzeko. Horretarako, erabiltzaileak modu aktiboan entzuteaz gain, ezinbestekoa da emakidadunengana hurbiltzea, haien errealitatea zein den, zer behar duten eta nola lagun dezakegun jakiteko, garraio publikoan ditugun egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta, horrela, gero eta zerbitzu hobea eskaintzeko”.
Luis Rico Bilman Buseko gerenteak eskerrak eman dizkie bisitagatik Azahara Dominguez diputatuari eta Fernando Prieto departamenduko zuzendariari. “Aldundiarekin eta Lurraldebus Gunearekin komunikazioa arina izan da beti, baina bisita honek beste maila batera igo du, zalantzarik gabe. Gure gidariek eta administrazioko langileek egunero egiten duten ahalegina nabarmendu nahi dugu, emandako zerbitzuak behar bezala funtziona dezan, eta bisita honetan lehen pertsonan egin ahal izan dugu, departamentuko arduradun nagusiekin”.