Gipuzkoa arigune aurkeztu dute
Gipuzkoan euskararen ulermena orokortzea eta hiztunak euskaraz aritzearen aldeko kultura eta adostasun soziala nagusitzea ditu helburu. Hainbat goierritarrek parte hartu dute aurkezpenean.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/gipuzkoa-arigune-1.jpg)
“Gipuzkoa arigune etorkizuneko ikuspegi bat da. Eszenatoki bat da non edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz eroso egingo duen, eta euskara gizarte kohesionatuago bat lortzeko bide izango den. Honek esan nahi du, besteak beste, gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango direla, eta gizartean euskal hiztunek euskaraz egitearen aldeko kultura eta adostasuna nagusituko direla”, hitz horiekin aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak Soziolinguistika Klusterra eta Badalabekin batera sustatu duten egitasmoa.
Lankidetza handiago bat lantzen ari dira, izan ere, euskararen biziberritze prozesuan jauzi bat egiteko unea iritsi delakoan bat egin dute gaur goizean Tabakaleran (Donostia) bildu diren eragileek. Eta jauzi hori egiteko, ezinbesteko jo dute inertziak albo batera uztea, begirada altxatzea, eta elkarrekin, epe luzera begira aritzea. Mikel Ozaita Taupa euskaltzaleen mugimenduko kidea da Gipuzkoa arigune egitasmoaren koordinatzailea, eta azaldu du sinistuta daudela gauza berriak esperimentatzeko unea dela, eta lurraldearen ezaugarriak aintzat hartuz, Gipuzkoari bide-urratzaile izatea dagokiola.
Egitasmo honen bidez, ulermena zein erabilera jarriko da jomugan. Mikel Ozaitak argi agertu duenez, “hiztun bakoitza, norbere gaitasunetik abiatuta, urrats bat egitera” animatu nahi dute: euskara gutxienez ulertzera iristeko “beharra eta gogoa sorrarazi” nahi dute oraingoz ulertzen ez duten horiengan, eta horretarako aukera berriak eskaini; eta ulermena oinarri gisa hartuz, “praktika linguistiko berriak aktibarazi” nahi dituzte. Azken batean, “euskararen erabileran ardaztuko den kultura soziolinguistiko berri bat” eraiki nahi dutela azaldu du proiektuaren koordinatzaileak: “Gure jarrera eta praktikei astindu bat ematea ezinbestekoa izango da euskararen erabilerak gora egiteko”.
Egitasmoa esperimentazio fasean dago. Gaur egun, 2.000 eta 3.000 biztanle arteko bi udalerri eta auzo batean pilotatzen ari dira: Antzuolan, Aian eta Donostiako Añorga auzoan. “Ikaspenak jaso, eta aurrerago, egitasmoa biztanle gehiagoko auzo eta herrietan ere garatzea aurreikusten da. Gauzak ondo bidean, noski, lurralde osora zabaltzeko moduko planteamendu bat garatzea da esperimentazioaren helburua”, azaldu du Ozaitak.
Gipuzkoa, bide-urratzaile
Euskara ulertzeko gai da 16 urtetik gorako hamar gipuzkoarretik zazpi, eta 24 urtetik beherakoen artean ulermena praktikoki unibertsala da, beraz, joera mantentzen bada, eta bertara bizitzera etorriko direnei ere ikasteko bitartekoak bermatzen bazaizkie, 2050ean, 50 urtetik beherako gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango dira. “Baikortasunez begiratzeko eszenatokia” da, Ozaitaren hitzetan. Baina ulermenetik harago, “erabileran badago zer hobetu, aipatutako hamar hiztun horietatik lau direlako egun euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago egiten dutenak”. Gainera, zenbait adierazleren arabera, erabileran beheranzko joera ere antzeman daitekela aipatu du Taupako kideak, “baita arnasguneetan ere”.
“Hiztunok euskaraz eroso aritzea erraztuko duten eremuak eta espazioak irabazteak garrantzi estrategikoa dauka, eta sinistuta gaude Gipuzkoari bide-urratzaile izatea dagokiola”
Mikel Ozaita. Gipuzkoa arigune egitasmoaren koordinatzailea
Beraz, aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, gaur egun euskararen erronka erabilera biderkatzeko baldintza egokiak sortzea dela esan du Ozaitak: “Hiztunok euskaraz eroso aritzea erraztuko duten eremuak eta espazioak irabazteak garrantzi estrategikoa dauka, eta sinistuta gaude Gipuzkoari bide-urratzaile izatea dagokiola”. Gipuzkoak bidea urratzeko “aukera eta ardura” duela berretsi du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Hark azaldu duenez, Gipuzkoa da euskararen alorrean faktore hoberenak dituen lurraldea, ulermen unibertsaletik gertuen dagoena, hizkuntza erabiltzen eta transmititzen den eremu gehien dituena, eta euskara sustatzearen aldeko jarrera zabalduen duena. Horregatik, “Gipuzkoan aurrera egitearekin bat, ekarpen esanguratsua egingo genioke euskararen lurralde guztiari”.
Euskaralditik harago
Gipuzkoa ariguneren hazia Euskaraldiari eta Pello Jauregi soziolinguistari zor zaie. 2020ko Euskaraldian erabili zen arigune kontzeptua lehen aldiz, “euskaraz eroso egiteko gunea” adierazteko. Jauregik berak, Anton Abadia saria jasotzerakoan aipatu zuen: “Noizko Gipuzkoa osoa arigune?” eta Aldundiko ordezkariek proposamenari heldu zioten. Galdera horri erantzun nahian hainbat ikerketa eta lanketa egin ondoren, eta Gipuzkoa epe ertain-luzean arigune bilakatzeko aukerak badaudela ondorioztatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Badalabekin batera, Gipuzkoa arigune egitasmoa diseinatzeko, esperimentatzeko eta garatzeko lanari ekin zioten orain bi urte.
Diputatu nagusiaren esanetan, Euskaraldia inspirazio iturri izan bada ere, logika honetan sakontzera eta hau iraunkortzera dator Gipuzkoa arigune egitasmoa: “Euskaraldia ariketa sozial bat da; Gipuzkoa arigune, aldiz, helburu bat da, eta horretara iristeko ibilbide bat proposatzen du, euskara ulertzen duten eta momentuz ulertzen ez duten herritar guztiak gonbidatuz eta interpelatuz”.
Herritar guztiak aintzat hartzea eta interpelatzea da, hain justu, egitasmoaren oinarrietako bat. “Gipuzkoan, euskara sustatzearen alde dago lau herritarretik hiru. Gainera, euskalgintzaren alor sozialean nahiz instituzionalean partekatzen da jauzia egiteko unea iritsi dela. Bide horri ekiteko, “ezinbesteko balioa da lankidetza, akordio berriak josi eta aurrera eramateko”, gaineratu du Mendozak. Eta akordio sozio-politiko handiez gain, tokian toki herritarren artean hizkuntzen kudeaketa adostea ere bada helburua, “halako dimentsioa duen erronka bati erantzuteko bide bakarra” baita.
Ikuspegi komunitarioa eta berrikuntza metodologikoa
Jasone Mendizabal Taupako Koordinatzaile orokorrak ekimen honetan ikuspegi komunitarioak duen garrantzia azpimarratu du: “Euskararen garapena eta komunitatearena elkarren eskutik sustatzen ari gara; izan ere, hizkuntza tresna boteretsua da gizartea kohesionatzeko eta eraldaketa soziala bultzatzeko”. Hori horrela, Gipuzkoa ariguneren baitako esperientziak azterketa komunitario batetik abiatzen dira, alegia, komunitateak berak egindako azterketa batetik: udalerriko erronka eta aukerei erreparatzen zaie, bai euskararen ezagutza eta erabilerari dagokionez, baita hizkuntzatik haragoko bestelako aldagaiei begira ere. Beraz, “abiapuntuan oinarrizko proposamen bat badago ere, tokian toki eraldaketa bultzatzeko non eta nola eragin behar den aztertu eta adosten da”.
“Euskararen garapena eta komunitatearena elkarren eskutik sustatzen ari gara; izan ere, hizkuntza tresna boteretsua da gizartea kohesionatzeko eta eraldaketa soziala bultzatzeko”
Jasone Mendizabal. Taupako Koordinatzaile orokorra
Egiteko moduetan ez ezik, metodologietan ere berritzailea da Gipuzkoa arigune egitasmoa. Oinarri garrantzitsu bat izango da Soziolinguistika Klusterra 2010. urtetik garatzen ari den Aldahitz ikerketa. Imanol Larrea zuzendariak azaldu duenez, “hipotesi gisa hartzen du ez dela ezinbestekoa euskaraz ongi hitz egiten jakitea hitz egiten hasteko, ulertzea nahikoa izan litekeela besteak guri euskaraz egiten hasteko, betiere, horretarako kontestua sortzen badugu”.
Hipotesi hori garatzeko hiru metodologia ari dira prototipatzen, pilotatzen eta garatzen. Lehena, Uler-saioak: ulermena erdiestean jartzen du fokoa, eta 120 ordutan, B1 ulermen-mailara iristea da helburua. Gipuzkoa arigune egitasmoaren baitan, alor informalean hasi dira probatzen. Ulerrizketa da bigarrena: euskaraz ulertzeko tarteko maila dutenen eta maila ona dutenen arteko elkarrizketak sustatzen dira. Eta Eusle metodologia da hirugarrena, denetan ezagunena, beharbada, Euskaraldia metodologia honetan oinarritzen baita ahobizi eta belarriprest rolen dinamika proposatzerakoan. Eusle metodologian parte hartzen duten kide guztiek ulertzen dute euskara, eta eusleek ulertzen duten guztiekin euskara erabiltzeko konpromisoa hartzen dute. Gainerako kideek, berriz, haiei euskaraz egiteko gonbidapena egiten diete eusleei eta, era berean, nahi duten hizkuntza erabiltzeko aukera dute.
Imanol Larrearen hitzetan, herritarren arteko kooperazioa da metodologia hauen bereizgarrietako bat: “Hiztunek elkarren arteko harremanetan eta elkar lagunduz garatzen dituzte gaitasun berriak, eta gaitasun horiek praktika berri bilakatzeko kontestu bat ere topatzen dute, elkarri hizkuntza-ohiturak aldatzeko zilegitasuna aitortuz”.
Pilotatzeetako prozesua
Egitasmoa tokian toki egikaritzeko prozesu bat jarri da abian, eta honen inguruko azalpenak eman ditu Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendari nagusiak. Haren esanetan, “egitasmoa antolatuko duen foroa askotarikoa izateko ahalegin berezia egiten dela azpimarratu behar da”; izan ere, Udala, udalbatzarra osatzen duten alderdi politikoak, euskalgintza eta herritarrak ordezkatzen dituen talde txiki bat biltzen da, eta mapeo bat egin ondoren, jendea aurkezpenera banan-banan gonbidatzeko ardura hartzen du. Oiartzabalek dioenez, “gertuko harremanei garrantzia handia ematen zaie, orain arte euskararen aldeko ekimenetan ibili izan ez den jendearengana ere iritsi ahal izateko”.
“Gure hipotesia da, horrela lor litekeela egitasmoa denboran zehar ahalik eta modu autonomoenean mantentzea eta jende gehiagorengana iristea”
Goiatz Oiartzabal. Badalabeko zuzendari nagusia
Ondoren, tokian tokiko komunitateak berak aztertzen eta adosten du eraldaketa bultzatzeko non eta nola eragin behar den. Eta behin azterketa eginda, dinamika herri edo auzoko talde eta elkarteetan abiatzen da. Hizkuntzen gaia mahai-gaineratu, eta euskararen erabileran aurrerapausoak emateko modua adosten da, betiere, kide guztien ulermena bermatzeko bitartekoak jarriz. Lanketa horren ondoren zabaltzen da dinamika herrira, eta azterketa komunitarioan identifikatutako beharrei erantzuteko ekintza plan bat adostu eta garatzen da. Badalabeko zuzendariak gaineratu du prozesuan “ulermena eta erabilera” jartzen direla jomugan, “hiztunen prestakuntza eta ahalduntzeari begirako tresnen bidez edota hizkuntza ohiturak aldatzera bideratutako dinamiken eskutik”.
Eta azkenik, “dispositiboak antolatzen dira jendearen pasabide naturaletan”, ahalik eta herritar gehien ibiliko den egitura publiko eta sozialetan. Horrela, “abian jarritako tresna eta dinamikak sistematizatzeko eta iraunkortzeko modua bilatzen da”, gaineratu du Oiartzabalek: “Gure hipotesia da, horrela lor litekeela egitasmoa denboran zehar ahalik eta modu autonomoenean mantentzea eta jende gehiagorengana iristea”.
Antzuola, Aia eta Añorga, martxan
Esan bezala, Antzuolan, Aian eta Donostiako Añorga auzoan pilotatzen ari dira proiektua, eta Añorga arigune foroko kide den Maialen Urbistondok ere hartu du hitza aurkezpenean. Añorgatarrak azaldu duenez, proiektuak “Añorgako Euskara Batzordean parte hartzen ez duen jendea gerturatzeko balio izan du, euren artean elkar hobeto ezagutzeko, herri kohesiorako eta herrigintzarako”. Euskararen inguruan lanean ari ez ziren taldeak ere horretan jarri dituela erantsi du. Datozen urteetan, auzoa hazi egingo da, 250 etxebizitza eraikiko baitira, eta aldaketa honen aurrean, euskararen erabilerari eusteko eta hau indartzeko bide izan liteke egitasmoa, Urbistondoren ustez.
Beraz, Gipuzkoa arigune esperimentazio fasean dagoen egitasmo bat da, arnas luzekoa. Mikel Ozaita koordinatzailearen esanetan, “denborak esango du noraino iristeko gai” izango diren, baina “ausardiaz eta konfidantzaz” ekin diote bideari.
Gipuzkoa arigune egitasmoa elkarlanaren emaitza da, eta horren erakusle izan dira prentsaurreko aurkezpenera bertaratutako erakundeetako ordezkari eta herritar euskaltzaleak:
- Gipuzkoako Foru Aldundia: Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria, Iñaki Arruti Hizkuntza Estrategia Zerbitzuko burua eta Joxean Amundarain Hizkuntza Estrategia Zerbitzuko atalburua.
- Taupa euskaltzaleen mugimendua: Jasone Mendizabal koordinatzaile orokorra, Mikel Ozaita Gipuzkoa arigune egitasmoaren koordinatzailea eta Xuban Zubiria Gipuzkoa arigune lantaldea.
- Soziolinguistika Klusterra: Imanol Larrea zuzendaria eta Pablo Suberbiola Aldahitz proiektuaren koordinatzailea.
- Badalab: Goiatz Oiartzabal zuzendari nagusia eta Izaro Arruti berrikuntza arduraduna eta Uler-saioak metodoloiako trebatzailea.
- Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza: Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Josune Irabien sustapen zuzendaria, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria eta Sonia Rodriguez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.
- HABE: Jokin Azkue zuzendari orokorra.
- UEMA: Martin Aramendi lehendakaria.
- Euskalgintzaren Kontseilua: Idurre Eskisabel idazkari nagusia.
- AEK: Maialen Begiristain eta Aize Otaño Artezkaritza Kontseiluko kideak.
- EMUN: Amaia Balda koordinatzaile orokorra.
- Elhuyar: Jon Abril zuzendari nagusia eta Helene Armentia Euskara Planetako arlo-arduraduna.
- Euskaraldia: Goiatz Urkijo koordinatzailea eta Taupako kidea.
- Oarsoaldeko SOS arrazakeria: Gerar Carrere eta Tatiana Bellorin langileak eta Uler-saioak zein Ulerrizketa metodologietako parte hartzaileak).
- Koldokide guraso elkartea: Giacomo Cantini lehendakaria.
- Beasaingo Udal Euskaltegia: Marian Toledo zuzendaria.
- Donostiako Udala: Edurne Otamendi Euskara Zerbitzuaren burua.
- Aiako Udala: Miriam Sarasola alkateordea.
- Antzuolako Udala: Olatz Lezeta alkatea.
- Bagera elkartea: Alai Kruse teknikaria.
- Añorga arigune foroa: Maialen Urbistondo herritarra.