Goierri Valleyk urteko batzar orokorra egin du
Goierri Valleyk kudeaketa plana eta urteko aurrekontua onartu du ez-ohiko batzar orokorrean. Goierriko industrian inpaktu positibo eta jasangarri baten aldeko apustuan lan egiten jarraituko du.
Goierri Valleyk batzar orokorra egin du gaur goizean Ordiziako Goierriko Berrikuntza Gunean egoitzan. Batetik, 2025eko Kudeaketa eta Aurrekontu Plana onartu ditu. Bestetik, lurraldeko sektore industrialeko eragileen elkarlanerako sustapenerako espazioa eskaintzen jarraituko duela adostu dute. Aurtengorako 539.297,07 euroko aurrekontua izango du Goierri Valleyk. “2025ean Goierri Valleyk gaurko erabakiak biharko arrakastarekin lotzen jarraituko du, kultura propioarekin”, nabarmendu dute. Hartutako erabakiak eta lan ildoak ondorengoak dira:
Jarraikortasun proiektua
Jarraikortasun proiektua aktibatu da Goierri Valleyen parte diren eta “jabetza edo kudeaketa errelebo egoeran dauden enpresen jarraitutasuna ziurtatzeko” helburuarekin. Horretarako “kontzientziazioa” bilatuko dute, “enpresen egungo egoera ezagutarazteko eta egoera kritikoan egon daitezken enpresak identifikatu eta babesteko”. Honekin batera, etorkizunean Goieki eta Goierri Valleytik eskainiko den zerbitzua definituko da.
Helburu hori lortzeko bidean, bi “norabidetan” ari dira lanean: sentsibilizazioa eta enpresen egungo egoeraren diagnostiko baten gauzatzea. Sentsibilizazio fasearekin hasiak daude, “enpresen jabetza edota kudeaketaren ondorengotzaren planifikazioan aurre hartzearen garrantzian sakontzen eta honetarako dauden hautabide ezberdinen inguruan hausnartzen”. Eman dituzten datuen arabera, urtarrilaren bukaeran hamar enpresek parte hartu zuten sentsibilizaziora zuzendutako jardunaldian.
Kontzientziazio lana egingo dute enpresen gaur egungo egoera ezagutu eta egoera kritikoan daudenak babesteko
Diagnostikoa ere egin dute, Goierri Valleyen parte diren enpresen “behar eta espektatibetan jarraitutasunari dagokionez”. Diagnostikoa 2024 bukaeran burutu zen, eta emaitzek ezagutarazi zutenaren arabera, “erantzun zuten 35 enpresetatik 9k behar dute jabetza edota kudeaketa erreleboa, eta honen faltaren ondorioz, 6k itxiera planteatu dute”. Emaitza horiek erakusten dute, “eskualdean horrelako proiektu bat aktibatu eta gauzatzeko beharra”.
Proiektu pilotu bat martxan jartzea aurreikusten du Goierri Valley-k, “berehalako errelebo egoeran dauden enpresen ibilbide-orri baten diseinuan zentratuko dena”. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza izango du.
Dibertsifikazioa eta ekintzailetza
Enpresa dinamika berriak sortzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza lortu dute enpresen dibertsifikazioaren eta barne-ekintzailetzaren inguruko beste proiektu bati ekiteko. Honekin, “enpresei dibertsifikazioan lagundu nahi zaie, eskualdeko berrikuntza eta ekintzailetza teknologiko eta berritzailea sustatuz, enpresa-garapena edo entitate arteko lankidetza sustatuz”. Gainera, eskualde mailan “berrikuntza sustatzea bultzatuko duen ekosistema” bat sortu nahi dute, “ekintzailetza proiektuetarako eskualde erakargarri bat sortzen lagundu, enpresen beharrei eta etorkizuneko erronkei erantzuteko helburu nagusiarekin”. Beraz, Goierrin ekimen eta proiektu berritzaileak garatzeko eta sustatzeko tresnak eta baliabideak eskaini nahi dira.
Proiektu honek “bi ibilbide” ditu, enpresetan dauden errealitate ezberdinei erantzuten dietenak: Dibertsifikaziorantz eta Goierri Up!.
Dibertsifikaziorantz ibilbidea “dibertsifikazioko edota barne-ekintzailetzako proiektuak identifikatu eta aktibatu nahi dituzten enpresei zuzenduta dago”. Horretan lan egiteko, honako jarduera hauek planifikatu dira: Jardunbide egokien sentsibilizazio eta transmisio jardunaldia, proiektuen eta interesen identifikazioa, ibilbide-orri baten definizioa eta programa ixteko saioa, enpresa eta pertsona parte-hartzaileen ikaskuntzak partekatzeko.
Goierri Valleyk enpresei dibertsifikazioan lagundu nahi die, eskualdeko berrikuntza eta ekintzailetza teknologiko eta berritzailea sustatuz
Goierri Up! ibilbidea, aldiz, “dagoeneko dibertsifikazioko erronka teknologikoak edota ekintzaileak identifikatuta dituzten enpresei zuzenduta dago”. Ibilbide horretan honako ekintza hauek egingo dira: aurkezpen jardunaldia, beharrak eta interesak identifikatzea, probetxuzko aukerak identifikatzea eta erakartzea, inbertsio-baliabideak kontrastatzea eta startup-en eta enpresen arteko harremanen jarraipena egitea.
Zerbitzu zorro zabala
Bestalde, Goierri Valleyen “zerbitzuen zorroa optimizatzeko” helburuarekin, “elkarteak eskaintza egokitu du, ETEen eta enpresa traktoreen arteko lankidetza biziago baten aldera, zeharkako ardatz gisa enpresen arteko elkar ezagutza eta sare lana finkatuz”.
Industria sektoreko enpresen lehiakortasuna handitzeko asmoarekin. Goierri Valleyn zerbitzu katalogoan, lau zerbitzu nabarmentzen dira, “ekoizpen eta kudeaketa prozesuak hobetu nahi dituzten bazkide ez diren enpresa guztiei ere irekita daudenak”.
Batetik, HUB 4.0 dago, ekoizpena hobetzeko edo optimizatzeko, 3D inprimaketaren bidez. “Industria sektorean fabrikazio gehigarria bezalako teknologia aurreratua txertatzea funtsezkoa da berrikuntzak egiteko, kostuak murrizteko eta lehiakortasuna hobetzeko”. Laborategiak fabrikazio gehigarriko makinak ditu, eta enpresei aukera ematen die inprimaketa eta 3D eskaneatzea probatzeko, prototipoak, tresnak edo ordezko piezak egiteko, hasierako inbertsio handia bere gain hartu gabe. Nabarmentzekoa da azpiegitura horrek enpresen eskura jartzen duela aholkularitza eta prestakuntza espezializatua, e”npresa bakoitzak bere beharren eta gaitasunen arabera teknologia hartu ahal izatea ahalbidetuz”. Honez gain, Hub 4.0tik, beste mota bateko 4.0 industriaren sektorearentzat interesgarriak diren gaiei buruzko sentsibilizazio-jardunaldiak sustatuko direla jakinarazi dute.
Elkarteak zerbitzu eskaintza egokitzeko helburu du, ETEen eta enpresa traktoreen arteko lankidetza biziagotuz
Bestetik, eraikuntza modular industrializatuak “ingurune kontrolatuetan moduluak fabrikatzea” ahalbidetzen du, “baliabideak optimizatzen ditu eta segurtasuna areagotu, ingurumen-inpaktua minimizatuz”. Metodo tradizionalen “alternatiba azkarra” dela diote, “eraginkorra eta jasangarria”. Era horretan, Goierri Valleyk ETEn eta startup-en eskura jartzen du prozesu hauek aurrera eramateko ezagutza, proiektuaren koordinatzaile gisa jardunez. “Zerbitzu honekin, enpresei sektore berrietara dibertsifikatzeko aukera eskaintzen zaie”. 2025ean, elkarteak eraikuntza modular industrializatuaren sustapenean puntako eragile izaten jarraituko du.
Ikastaroak ere Goierri Valleyren ardatz dira, “enpresen behar eta eskakizunei erantzuteko, goi-mailako prestatzaileen bidez”. Enpresek dituzten behar espezifikoetatik abiatuta, “2025ean plan formatibo bat jarri da martxan, hainbat arlotan formazioa eskainiz: Kudeaketa aurreratua, finantzak, pertsonak, marketina, adimen artifiziala eta erdi-mailako agintarien gaikuntza”.
Bestetik, Goierri Valleyk Curriculumen datu base bat du, “talentua elkarteko enpresekin konektatzea jomuga duena. Irekia dago CV berriak jasotzeko”.