AHTaren Ezkioko geltokia "funtsezkotzat" jo dute EAJko alkateek Goierriko garapenerako
Agerraldia egin dute gaur Ezkioko geltokian Jon Luqui Urretxuko alkateak, Leire Artola Beasaingo alkateak, Eric Galvez Legazpiko alkateak eta Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak.
EAJren Goierriko alkateek, alderdiko Nafarroako ordezkariarekin batera, AHTaren konexioa Ezkiotik egitea aldarrikatu dute, gaur Ezkioko geltokian bertan egindako agerraldian. Haien esanetan, “Euskadiko eta Goierri eskualdeko garapenerako eta mugikortasun jasangarrirako funtsezkoa” da AHTaren konexioa Nafarroarekin Ezkio-Itsasotik egitea.
“Herri proiektu estrategikoa da, euskal lurralde guztien kohesio sozioekonomikorako giltzarria, Nafarroatik Bizkaira edo Arabatik Iparralderaino”, azaldu du EAJk hedabideetara helarazitako eta Goierriko zinegotzi eta ordezkariek sinatutako adierazpen baten bidez. Trenbide-azpiegitura ikuspegiari eta erabiltzaileen zerbitzuari dagokionez, uste dute Ezkioko konexioa “aukerarik eraginkorrena” dela, “bai funtzionaltasunari dagokionez, bai ingurumenaren ikuspegitik”. Espainiako Garraio Ministerioari “azkartasuna, seriotasuna eta zorroztasuna” eskatu diote erabakiak hartzeko garaian.
Ezkioko geltokia egitekotan, intercity tren zerbitzuen bidez eskualdea 30 minutu baino gutxiagoan Hego Euskal Herriko hiriburuekin lotuko litzatekeela argudiatu dute, eta merkantzien garraioak industriarentzako “lehiakortasun hobekuntza” ekarriko lukeela.
“Geltoki fantasma”
Ezkioko azpiegitura erabiliko ez balitz, “geltoki fantasma” bihurtuko litzatekeela ere salatu dute, baina AHTaren konexioaz aparte, Trenen Aurreratze eta Aparkaleku Postu izateko aukera nabarmendu dute. “Nafarroarekiko konexioa nondik egiten den zehaztetik harago doa. Euskal Y-ak maniobra zehatzak egiteko lekua behar du, eta Ezkioko geltokia horretarako funtsezkoa da, Trenen Aurreratze eta Aparkaleku Postu gisa funtzionatuko baitu”.
Euskotrenek eta Euroeskualdeak etorkizuneko ustiapenaren inguruan egindako analisietan intercity zerbitzuek Ezkioko geltokian geldialdia egitea aurreikusi dutela esan dute.
Jon Luqui Urretxuko alkateak, Leire Artola Beasaingo alkateak, Eric Galvez Legazpiko alkateak eta Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak eta Javier Leoz Nafarroako EAJren arduradun teknikoak egin dute agerraldia, eta haiez gain, Joseba Aranburuk (Ordizia), Josu Idigorasek (Zumarraga) eta Idiazabalgo, Zegamako, Zaldibiako, Ataungo eta Legorretako ordezkariek sinatu dute adierazpena.