Olentzero Solidarioaren 1.020 euro Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzat
Gipuzkoako Elikagaien Bankuko lehendakaria, Belen Mendez de Vigo eta Bergarako Elikagai Bankuko ordezkaria, Jose Mari Beitia Zerainen izan dira gaur goizean dirua jasotzen.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/olentzero_solidarioa01.jpg)
Aurten ere Olentzero Solidarioa ekimena antolatu dute Zerainen Gabon garaian, ZerainLab-ek eta Zeraingo herri eskolak elkarlanean. Guztira, 1.020 euro bildu dituzte aurten eta pasa den urteetan bezala, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari eman diote jasotakoa.
Gaur goizean egin dute diru-emate ekitaldia Zeraingo herri eskolan, eskolako 11 haurrak eta irakasleak bertan zirela. Eligaien Bankutik Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagai Bankuko lehendakaria eta Urola, Deba eta Goierri bailarak hornitzen dituen Bergarako Eligaien Bankuko ordezkaria, Jose Mari Beitia izan dira Zerainen. Elikagaien bankutik ere opariak eraman dituzte Zerainera eta goxokiak banatu dituzte ikasleen artean, hauen pozerako.
Urte batzuk badaramatzate Zerainen Gabonetako ekimen honetan bildutakoa elikagaien bankuari ematen. Beitia oso eskertuta agertu da, edozein ekarpen delako beharrezkoa gehien behar dutenei janaria ematen jarraitu ahal izateko.