Zumarragako kultur etxean bakarrik ikusi daitezkeen paisaiak
Koldo Cadiernok 'Inoiz eta inon izan ez diren paisaiak' erakusketa irekiko du gaur
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/koldo_cadierno.jpg)
Koldo Cadierno artista zumarragarrak Inoiz eta inon izan ez diren paisaiak erakusketa irekiko du gaur Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Bere lanak hilaren 28ra arte izango dira ikusgai. Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa aretoa 09:30etik 13:30era irekitzen dute astelehenetik ostiralera eta 10:00etatik 13:30era larunbatetan.
Cadiernok bere lanak «ariketak» direla dio. «Ez dira naturatik hartu ditudan paisaiak. Ez da toki zehatzik ikusten. Paisaia horietan gizakia bakarrik ageri da, naturan. Baina batzuetan gizakia beste gizaki batekin edo animalia batekin ageri da. Horietan kontaktuaren bilaketa aditzera eman nahi dut».
Bertikalak eta horizontalak
Erakusketan 21 lan ikusi ahal izango dira: 17 bertikalak dira eta lau horizontalak. Margolanak egiteko pintura akriliko beltza eta tenpera erabili ditu. «Ekialdeko teknika erabili dut, Txinakoa eta Japoniakoa. Margolanen gaia ere Ekialdekoa da: gizaki txikia, natura erraldoian. Gaiak gaurkotasuna du. Izan ere, zerbait garela uste dugu, baina inoiz baino txikiagoak gara», aipatu du Zumarragako margolariak.
Margolanen formatua ere Ekialdekoa da. «Papera Ekialdean mozten duten moduan moztu dut. Horrela moztuta, beraiek bezala, jasotzeko orduan, paper-biribilkia egin daiteke. Garai bateko liburutegietan ere hori egiten zuten. Liburuak paper-biribilkiak ziren», azaldu du.
Cadiernok dio ez dela oso diziplinatua, baina azken urteetan hainbat erakusketa egin ditu. Iaz eromenari buruzkoa egin zuen eta 2016an Makilari goraipamena izenekoa. «Lanak egin ahala erakusten ditut. Ez ditut erakusketa bat egiteko asmoz egiten».