Argazkilaritzan ere badira ligak
Herriz herri X. Argazki Rallyen txapelketaren sariak banatu dituzte Ataunen. Gorka Gomez legazpiarra izan da 2024ko ligaren txapelduna. Lehen hamarretan beste hiru goierritar ere sailkatu dira.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/ataungo-rally-topaketa_02.jpg)
Ataungo Herri Antzokia izan da aurten Euskal Herriko argazkilaritza zaletu onentsuenen topalekua. Larunbata izan da Herriz Herri X. Argazki Rallyen txapelketaren 2024ko sariak banatzeko eguna, baita urteko batzarra egin eta aurtengo egutegia zehazteko eguna ere. 30 bat argazkizale elkartu dira.
Hamalau argazki rally jokatu dira 2024ko ligan Hego Euskal Herriko hamalau herritan, horietako hiru Goierrin: irailaren 15ean Legazpin, urriaren 6an Ataunen eta azaroaren 2an Beasainen. Hamalau horietatik hiru irabazita eta bakarrean kale eginda, Ikatza elkarteko Gorka Gomez legazpiarra izan da denetan erregularrena. 132 puntu pilatuta, hark jaso du argazkizale onenari ematen dioten aginte makila.
Lehen hamarren artean beste hiru goierritar ere sailkatu dira: Laugarren postuan Gurutze Langarika –hau ere Ikatzako legazpiarra–, zazpigarren Jose Miguel Romero (Ortzadar, Ordizia) eta bederatzigarren Javier Quiros (Argizpi, Beasain). Argizpiko Manu Barreiro donostiarra bosgarren sailkatu da.
Hurrengo bilkura Legazpin
Sari banaketa ekitaldia urteko batzarra egiteko ere baliatzen dute argazkizale elkarteek. Arratsaldeko lehen orduan elkartu dira, eta 2025eko egutegiaz eta lehiaketen oinarriez aritu dira. Aurtengo egutegia ez dute finkatu oraindik hainbat elkartetako ordezkariak falta izan direlako bileran, baina bi erabaki hartu dituzte. Aurrenekoa, 2025ean bakarkako liga ez ezik elkarteen artekoa ere jokatuko dutela, elkarteko bakoitzeko lehen hiruren postuak puntuagarri bihurtuz. Eta bigarrena, hurrengo topalekua izendatzea; Legazpin banatuko dituzte sariak 2026. urtearen hasieran.
Gutxienez zazpi rallytan parte hartu duten argazkizaleen irudiekin proiekzioa egin dute ondoren, eta segidan sari banaketa. Lehen hamarrek garaikurra eta X. ligaren elastikoa jaso dute, eta azken opari hori ere eman diete gutxieneko zazpi sariketetan parte hartu dutenei argazkizaleei.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/ataungo-rally-topaketa_01.jpg)
Legazpiko Ikatza argazkizale elkarteko kideak. Makilarekin. Gorka Gomez ligako irabazlea.Javier Lopez Fabian
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/ataungo-rally-topaketa_03.jpg)
Ligako lehen hamar sailkatuak eta Ataungo ordezkariak, larunbatean.Javier Lopez Fabian