Ekain Imaz beasaindarrak Munduko Errugbi Txapelketa jokatzeko txartela lortu du
Suitzari irabazita, Australian bi urte barru jokatuko den Munduko Txapelketara bidean da Biarritz taldeko jokalaria.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/ekain-imaz-1200x675.jpg)
Espainiako errugbi selekzioak 2027 urteko Australiako Munduko Txapelketa jokatuko du, 28 urteko itxaronaldiarekin amaituz, 1999an parte hartu baitzuten azkenekoz. Bi urte barru jokatuko den txapelketarako sailkapena Suitzari irabazita iritsi da (13-43). Distira handirik gabeko partida izan arren, nagusitasuna inposatzen jakin zuten. Ekain Imaz beasaindarra bigarren zatian atera zen zelaira, erakustaldi bikaina eginez. 72. minutuan entsegua egin zuen Imazek.
Australiarako txartela lortzeko hiru partidatik bi irabazi behar zituen Espainiako selekzioak. Lehena, Herbehereen kontra jokatu zuten, 53-24 egin zuten. Hirugarrena, Georgiaren aurka jokatuko dute, igandean. Imazek ez du jokatuko, bere taldearekin, Biarritzekin, jokatuko duelako, Valence taldearen aurka, Frantziako Prod2 mailako partidan.
Martxoko lehenengo asteburuan, final erdia jokatuko du Espainiako selekzioak, Portugal edo Errumaniaren aurka. Galdu edo irabazi, ziurtatuta dute Mundialerako pasea.