Batukada ikastaroari jarraipena emango diote ekainera arte
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/batukada_taldea.jpg)
Urrian hasitako batukada ikastaroak jarraipena izango du Idiazabalen. San Blas jaietan batukada taldeak izandako harrera beroa ikusita, ikastaroa luzatzea eta egungo taldearekin bat egiteko aukera zabaltzea erabaki du Idiazabalgo Udalak. Ikastaroa doakoa da eta ekainera arte iraungo du.
Ikastaroa ostiral honetan hasiko da, otsailak 14, eskolako patioan 18:30ean. Hurrengo saioa hilaren 28an izango da. Dena den, antolatzaileek aurreratu dutenez, ikastaroak ez du egutegi finkorik izango eta ikasleen eta irakasleen artean finkatuko dituzte hilabete bakoitzerako datak.
Izen ematea udaletxean
Interesa dutenek udaletxean eman dezakete izena. Esku orri bat bete eta bertan entregatu behar da. Online ere erregistratzeko aukera badago, udalaren egoitza elektronikoak izen emate orria beteta.