Hiri antolamenduko plan berria Lazkaon
Proiektuak 247.090,91 euroko aurrekontua du, eta 36 hilabeteko epean gauzatuko da. Lurzoruaren erabilera eta udalerria hazteko baldintzak arautzen dituzten jarraibideak ezartzen ditu.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/lazkao-ikuspegia.jpg)
Lazkaoko Udalak, udalerriaren plangintza eta garapenerako funtsezko tresna gisa baliatuta, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesuari ekin dio. Mugarri hori, «urrats erabakigarria» dela azpimarratu du udalak, hain zuzen ere, Lazkaoko etorkizuneko plangintzan «herriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien hirigintza-garapen jasangarria» bermatuko baitu. Estudio K enpresa izango da proiektua aurrera eramango duena.
Plan Orokor horrek, besteak beste, lurzoruaren erabilera, hiri-jardueren banaketa eta udalerria hazteko baldintzak arautzen dituzten jarraibideak eta araudiak ezartzen ditu, eta udalaren arabera, horiek berrikustea «funtsezko prozesua» da hirigintza-plangintza herriaren zein herritarren behar eta erronka berrietara egokitu ahal izateko.
Lazkaoko Udalak interesa duten pertsona guztiak gonbidatzen ditu prozesu hau gertutik jarraitzera eta udalerriaren etorkizun urbanistikoaren definizioan aktiboki parte hartzera, eta horretarako, azaldu du, proiektuak aurrera egin ahala, gutxika-gutxika parte hartzeko faseak eta mekanismoak iragarriko dituztela.
36 hilabeteko epea
Prozesu hori Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legean eta indarrean dauden gainerako lege-xedapenetan ezarritakoaren arabera egingo da. 16 hilabeteko epea aurreikusten da dokumentuak modu eraginkorrean idazteko, eta, ondoren, erakusketa publikorako eta herritarren partaidetzarako espazioak irekiko dira, herritarrek eta tokiko eragileek beren ekarpenekin lagundu ahal izango dutela bermatzeko. Proiektuak 247.090,91 euroko (BEZ gabe) aurrekontua du, eta berrikuspena 2025eko urtarrilean hasi bazen ere, orotara, 36 hilabeteko epean gauzatuko dela aurreikusi du udalak.