CAF-Rail Lineko langileek grebara jo dute
Beasainen, CAF enpresaren egoitza nagusiaren ataritik hasita manifestazioa egin dute gaur, enpresa batzordeak deituta.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/img_7854-1200x900.jpg)
Ibarrako CAF-Rail Line enpresako langileak mobilizazioak egiten ari dira enpresako hitzarmenaren negoziaketa dela eta. Gaur goizean, Beasainen, CAF enpresaren egoitza nagusiaren ataritik hasita manifestazioa egin dute enpresa batzordeak deituta, langileen kexak gizarteratzeko helburuarekin.
CAF-Rail Line CAF enpresaren filiala da. LAB sindikatuak esan duenez orain arte ez dute ez hitzarmen propiorik ez langile ordezkaririk izan, «duela urtebete bertako langileek LABen antolatu eta hauteskunde sindikalak egitea erabaki zuten arte». Ondotik, negoziaketa kolektiboari bide eman eta enpresa mailako lehen akordioa erdiesteko bideari ekin ziotela esan du sindikatuak.
Langileek batera egindako prozesu baten ostean, duela hiru hilabete aurkeztu zizkioten enpresari hitzarmenerako eskakizunak; «soldata igoera, urteko lanaldiaren jaitsiera, telelanaren arautzea eta antzinatasun plusa dira eskakizun nagusiak». Enpresa hitz egiteko eta negoziatzeko borondate falta izaten ari dela esan dute; «hasiera batean negoziaketa bera ukatzetik onartezinak diren proposamen eskasak egitera igaro dira». Horregatik greba eta mobilizazioen bideari ekin diote langileek, langile batzarraren gehiengo zabalak hala erabakita. Otsailean zehar lanuzteak egingo dituzte eta martxoan greba egunekin jarraituko dute. Enpresari eskatzen diote jarrera aldatu eta arduraz eta akordiotara iristeko borondatez joka dezala, negoziaketa mahaian langileen eskakizunei erantzunez.