Donostian aurkeztuko dute Euskal Herriko torturatuen sarea
Goierrin 387 tortura kasu ditu zenbatuta Euskal Memoria Fundazioak.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/euskal_herriko_torturatuen.jpg)
Euskal Herriko torturatuen sarea sortu dute hainbat urteko lanaren ondoren, indar polizialengandik tortura pairatu duten herritarrak saretzeko helburuarekin. Etzi, larunbata, batzar eratzailea egingo dute Donostiako Kursaalean, 10:30ean hasita azkenean, ordubete atzeratu baitute hitzordua.
Azken hilabeteetan Euskal Herriko Torturatuen Sarearen sortze prozesuaren barruan, aurkezpen batzarrak egin dituzte eskualde ezberdinetan. Goierri mailako lanketa, Beasainen egin dute. Bertan, Nafarroako Torturatuen Sareko esperientzia oinarri, talde-sustatzaileko lagunek esku artean duten erronka aurkeztu, eta berari eusteko deia egin zieten bertaraturiko pertsona torturatu guztiei.
Euskal Herri mailako batzarretan 700 lagun torturatutik gora hartu dute parte, Euskal Herri mailako prozesuan ekarpenak egin eta sarearen helburuak zehazteko. Etzi aurkeztuko dituzte helburuok, baina «ahalik eta torturatu gehienengana» iristeko asmoa erakutsi dute, eta gonbidapena luzatu: «Euskal Herrian torturak jasandako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin».
Goierrin 387 kasu
Euskal Memoria Fundazioak tortura kasuen zenbaketa egiten du, eta Goierrin 387 tortura kasu zenbatu dituzte 1960. urtetik.