Harrotasunaren asteburua ospatuko dute datorren astean Legazpin
Legazpi Winter Pride gay eta lesbianen topaketa egingo dute hurrengo astean. Ekintzaz bete dute asteburua, eta herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko gonbita.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/whatsapp-image-2025-02-04-at-10-47-07-1200x900.jpeg)
Legazpi Winter Pride izenarekin, gay eta lesbianen harrotasunaren asteburua ospatuko dute datorren astean Legazpin, Londresen bizi den legazpiar baten ekimenez. Jon Oliveira da antolatzailea, eta legazpiar guztiak gonbidatu ditu bat egitera.
Topaketa honen hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Lehenengo biak garai bertsuan ospatu ziren, iaz eta aurreko urtean, baina nahiko oharkabean. Aurten, sare sozialen bidez zabaldu dute festaren berri, eta deialdi irekia egin dute parte hartu nahi duten guztiei zuzenduta.
Londresetik Legazpira
Oliveira Londresen bizi da duela 15 urte, eta informatikari gisa egiten du lan. Hango lagunekin Legazpira asteburu pasa etortzea bururatu zitzaion duela bi urte; «nire herria eta ingurua ezagutu zezaten», azaldu du. Bidaiarako dozena bat lagun elkartu ziren, eta asteburuan Bilbora eta Donostiara joateaz gain, Legazpin bertan ere ibili ziren. «Okasiorako jantzi ginen, larruarekin, uhaleriarekin… Jendea txundituta geratu zen gu ikustean! Karibe tabernan sartu ginenean, Spotify hartu eta ‘musika gay-a’ jarri zuten, Britney Spears, Madonna…».
Oliveirak dio «ikaragarria» izan zela, eta «oso ondo» pasatu zutela. «Herriaren harrera ere oso ona izan zen». Gogoan du lagunen artean esan zutela Legazpin seguru asko ez zela sekula hainbeste gay batera ikusi, «Legazpi winter pride» zirudiela (neguko harrotasunaren Legazpiko festa), eta urtero egin zezaketela.
Esan, eta egin. Iaz ere antolatu zuten Legazpiko asteburua, eta «oraindik jende gehiagok parte hartu zuen». Bigarren edizioaren arrakasta eta legazpiarren interesa eta parte hartzea ikusita, hirugarren edizioan pentsatzen hasi ziren, eta horretarako, deialdia zabaldu eta sare sozialak erabili dituzte oraingoan, jende gehiagorengana iristeko. Astebete besterik ez da falta Legazpiko harrotasunaren hirugarren astebururako.
Parte hartzeko deia
Aurtengo Legazpi Winter Pride topaketara, Londreseko lagunez eta legazpiarrez gain, Espainiatik ere etorriko da jendea, «inoiz baino nazioarte kutsu handiagoa izango du». Baina Oliveirak nabarmendu duenez, asteburu hori ez da festa hutsa izango, «Legazpin eta Gipuzkoan dagoena ezagutarazteko ere izango da, Legazpi mapan jartzeko». Madrilgo eta Bartzelonako lagunak ere izango dira festan. «Kanpotik 15 bat lagun izango gara, Legazpikoak beste hainbeste, eta jende gehiago ere izango da».
Legazpiko harrotasunaren asteburua hilaren 21ean, 22an eta 23an ospatuko dute. Ostiralean elkartuko dira partaideak, eta Donostiara txangoa egingo dute, bisita gidatu eta pintxo dastaketa eta guzti. Eguna bukatzeko, afaltzeko elkartuko dira Legazpin.
Larunbatean Txillida Lantokia bisitatuko dute, eta Legorretako sagardotegira joango dira bazkaltzera; «36 lagun izango gara, ez zegoen toki gehiago». Legazpira itzulita, poteoa egingo dute arratsaldean, «harrotasunaren desfile moduko bat izango da». Jai giroak jarraipena izango du gauean, Kukue tabernan, disko festa batekin. Bartzelonako Alejandro Asensio Dj-a izango da musika jartzen, Lady Ole eta Churros con chocolate ikuskizunekin.
Igandean amaituko da topaketa, bazkari batekin.
Izen-ematea, bihar arte
Sagardotegira joateko lekurik ez dagoela dio Oliveirak. «Baina beste ekitaldietarako bai, gurekin harremanetan jartzea besterik ez dago». Bihar ostirala da azken eguna: Instagrameko @legazpi_winter_pride kontuan jarri daiteke harremanetan antolatzaileekin.