Ia milioi bat euro Mutiloako udal aurrekontuan
Hiri Planeamendua berritzea izango da datozen urteetarako proiektu nagusiena, aurten hasita. Diru gehiago, Foru Funtsak banaketan egindako doikuntzei esker.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/mutiloa_paisaia02.jpg)
Mutiloako Udalak 957.791 euroko aurrekontua izango du 2025ean; inoizko handiena. Aurreko urtearekin alderatuta —668.590 euro izan ziren orduan—, dezente hazi da kopurua. Arrazoiak bi dira nagusiki, Iñaki Ugalde alkateak azaldu duenez; «batetik, Foru Funtsetik ohi baino 180.000 euro gehiago jasoko ditugu, eta bestetik, eskatutako hainbat diru laguntza ere bidean ditugu». Izan ere, Foru Funtsak hainbat doiketa egin ditu aurten udaletara bideratzen den diruaren banaketan, 1.000 biztanletik beherako herrien mesedetan.
Gastuen atalean, pertsonal eta gastu arruntek eramango dute zatirik potoloena, 450.000 euro. San Pedro jaietarako 21.000 euro aurreikusi dituzte, Txerri azokarako 5.000 eta kultur jardueretarako beste 8.000. Alkateak esandakoaren arabera, kultur arloak «pisua» dauka Mutiloako udal aurrekontuetan, «beti erraza izaten ez den arren urtero saiatzen gara ikuskizun garrantzitsuren bat ekartzen», dio.
400.000 euro
Inbertsioen atalean, Mutiloako Hiri Planeamenduaren berrikuspena azpimarratu du alkateak garrantzitsuenen artean. «1990ekoa da gaur egun indarrean daukaguna eta berrikusi beharra dago», esan du. Iaz Azpeitiko Imara ingeniaritzari esleitu zitzaion proiektuaren kudeaketa. Epe luzera begirako proiektua da, hasiera batean bi urte eta erdi aurreikusita dituzte lan hau amaitzeko. Guztira, 110.000 euroko aurrekontua du, baina 2025ean 35.000 euro bideratuko dituzte honetara. Honekin lotuta, herritarrekin parte hartze prozesu bat ere jarriko dute abian, «ezinbestekoa da, gaur egun horrelako proiektuek eskatzen duten zerbait da», zehaztu du Ugaldek.
Biodibertsitatearen alorrari dagokionean «diru laguntza handi bat» lotuta daukate jada Eusko Jaurlaritzatik meatze barrutian eragiteko. «Meatze barrutiko konektagarritasuna hobetuko da. Horrek eskatzen du leku batzuetan garbiketa lanak egitea, espezie inbaditzaileak kendu eta bertako landaretza jartzea», azaldu du. Lan hauek herriak inguru horretan dituen lursailetan egingo dituzte. Guztira, 80.000 euroko aurrekontua izango dute; gehiena —75.000 euro— diru laguntzari esker finantzatuko da.
Inbertsio txikiagoak
Inbertsio txikiagoak ere aurreikusita daude beste hainbat arlotan. Errotatxo eraikina ia osorik zaharberrituta dagoen arren, barrualdea antolatzeko hainbat lan egin nahi dituzte, «bertan egingo diren ekintzetara egokituta». Banaketa berriak egingo dituzte, argiteria jarri, altzarik hornitu edo LurLab martxan jartzeko makineria erosi. 60.000 euroko diru partida jarri dute zeregin hauetarako baina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzea espero dute.
Egoera txarrean dauden baserri bideak konpontzeko 30.000 euro jarri dituzte, kale argiteria berritu eta led sistemara egokitzeko beste 12.000 euro eta Bide Berdean egokitzapen lanak egiteko 30.000. «Bide berdean ere badaude hainbat puntu konpondu eta egokitu beharrekoak. Lan horiek ere lortu ditzakegun diru laguntzen menpekoak izango dira», dio alkateak.
Berrantolaketa eta irisgarritasuna hobetzeko lanak ere egingo dituzte hilerrian —80.000 euro—, «txukunketa lan batzuk ere egin beharko dira, aspaldian ez da ezer egin bertan», ondorioztatu du. Amaitzeko, meatze barrutian ingurunea hobetzeko lanez gain bestelako jarduketa batzuk ere aurreikusi dituzte, «seinale berriak jarriko ditugu (15.000 euro), langak egokitzeko beste partida bat ere badaukagu (5.000 euro) eta egituretan garbiketa lanak ere egingo dira», amaitu du.