Zarautz-Beasain, Itzuliko etapa erregina
Seigarren eta azken etaparekin batera, 2025eko Itzuliko etapa gogorrena izango da apirilaren 9an Beasainen bukatuko dena. Azken kilometroetan Gaintza eta Lazkaomendi igoko dituzte, biak Zaldibia aldetik.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/itzulia-2014-gaintza.jpg)
Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren antolatzaileek jakinarazi dute 64. edizioaren ibilbide ofiziala. GOIERRIKO HITZAk aurreratu bezala, Beasainek 2025eko Itzuliaren etapa bukaera bat eta hurrengoaren hasiera hartuko ditu apirilaren 9an eta 10ean. 2013an hartu zuen azkenekoz Itzuliaren etapa bat Beasainek
Zarautz eta Beasain lotuko dituen etapa hirugarrena izango da, eta 156 kilometro izango ditu. Apirilaren 9ko hori, Itzuliko etapa erregina izango da, apirilaren 12an Eibar eta Eibar artean jokatuko den seigarren eta azken etaparekin batera. Apirilaren 10ean Beasain eta Markina-Xemein artean jokatuko da.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/lazkaomendi-aldapa-scaled.jpg)
2009an ere Zaldibia aldetik Lazkaomendira igo ziren Itzulian, Ataun-Ataun etapan.Iñaki Gurrutxaga
APIRILAK 9. Zarautz-Beasain (156,30 km)
Zazpi mendate igo beharko dituzte etapa horretan, eta antolatzaileen esanetan, “etapa erregina izan liteke, 6. etaparekin batera”. Hasierako bi etapen ondoren, “oso jardunaldi gogorra” izango dela aurreratu du. “Ibilbidea ez da oso luzea, baina 7 mendate ditu, etengabeko igoera eta jaitsierekin. Ez dira mendate bereziki latzak, horietako bost 3. kategoriakoak baitira, baina, azken kilometroetarako, astun egingo dira txirrindularien zangoetan ziur”.
Etapak 156,30 kilometro izango ditu, eta 87 kilometroan Goierrin sartuko da Mandubiatik barrena. Beasainen esprint bereziri bat jokatu ondoren, Zaldibia aldera joko dute, eta profilak iradokitzen duenez, Zaldibia eta Gaintza artean dagoen baserri bidetik igoko dira txirrindulariak Gaintzara (%20ko pendiza). Itzulia Ordizian hasi eta bukatu zenean –Alberto Contadorrek irabazi duen etapa hura–, eta Ordiziako Klasikoaren bi edizioetan igo zen igoera berbera da.
Larraitz aldera egingo dute gero, eta Abaltzisketa eta Amezketa igaro ondoren, Alegian izango da bigarren esprint berezia. Ikaztegieta, Legorreta, Itsasondo, Arama eta Ordizia zeharkatuta, Zaldibiarantz joko dute berriz, eta herri horretatik igoko dira Lazkaomendira (%18ko pendiza). 2009an igo zuren azkenekoz aldapa piko hori, Ataun eta Ataun arteko etapan. Lazkaoko biribilgunera jaitsi, eta Beasainen izango da helmuga.
APIRILAK 10. Beasain-Markina Xemein (169,6 km)
Goierrin tarte laburragoa izango du Beasaindik abiatuko den laugarren etapak. Zumarraga aldera egingo du, Legazpira gero, eta Udanatik barrena Debagoienan sartuko da. Zazpi mendate ditu etapa honek ere, eta bi esprint berezi.