Gainditzearen, itxaropenaren eta bizitzaren bihotza
Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Eguna da gaur. Horren harira, Jon Irastortzak eta Nagore Larizek, semearen kasuaz eta Bihotzez elkarteaz hitz egin dute, gizartea sentsibilizatu nahian.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/bihotzez.jpg)
Otsailaren 14an maitasuna ospatu ohi da, eta egun honek ere, esanahi sakona du sortzetiko kardiopatiak dituztenentzat, hau da, jaiotzetik bihotzeko gaixotasunak dituztenentzat. Izan ere, gaur, otsailak 14, Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Eguna ere bada. Hala, bihotzak, afektua ez ezik, baditu beste sinbologia batzuk ere. Kardiopatiaren batekin jaiotakoak eta haien familiak ikusarazteko eguna da, egunerokoari balentriaz eta erabakitasunez aurre egiten dioten haien eguna.
Testuinguru horretan, Jakes sei urteko mutiko ordiziarraren istorioa ezagutzeko aukera izan du GOIERRIKO HITZAK, haren guraso Nagore Larizen (Ordizia, 1989) eta Jon Irastortzaren (Zaldibia, 1991) bitartez. Jakesen eta haren gertukoenen istorioak, kardiopatia batekin jaiotzen diren milaka haurren eta familien bidaia ilustratzen du.
2020. urteko otsailaren 9an iritsi zen Jakes mundura, haurdunaldi itxuraz normal batean, medikuek inolako arazorik antzeman gabe. Lau anaia-arreben artean bigarrena, laster hasi zen seinale kezkagarriak sortzen. «Ez zuen ondo hartzen titia, segituan botaka egiten zuen, ez zuen behar adina atseden hartzen, izerdi gehiegi botatzen zuen…», gogoratu du amak, haurra erditu eta lehenengo egun eta aste haietaz. Seinale horiek, gurasoek lehen bisita pediatrikoetan aipatu arren, ez ziren kontuan hartu.
«Bihotz-murmurioa izan zezakeela azaldu zigun pediatrak, baina diagnostiko zehatza izateko kardiologora joan beharko genuela»
Jon Irastortza. Jakes mutikoaren aita
Bi hilabetera, azkenean, hainbat kontsultaren ondoren, mediku batek Jakesen bihotzean zerbait bazela antzeman zuen. «Bihotz-murmurioa izan zezakeela azaldu zigun, baina diagnostiko zehatza izateko kardiologora joan beharko genuela», azaldu du mutikoaren aitak.
Probak eta ziurgabetasuna
Iritsi zen proba zehatzagoak egiten hasteko eguna, eta emaitza jasotzeko eguna ere. Hasieran garrantzi handirik ez zuela zirudiena, proba eta diagnostiko kate luze baten hasiera baino ez zen izan, baita ziurgabetasun nekezeko bide baten hasiera ere. Bi arazo detektatu zizkioten medikuek txikiari. Batetik, bihotzean, aurikulen arteko komunikazioa du, hau da, bi aurikulak bereizten dituen hormaren itxitura zulatuta du, eta aurikulak elkarren artean komunikatuta geratzen dira haren bidez. Hori dela eta, oxigenoa duen odola, oxigenorik gabekoarekin nahasten zaio. Bestetik, biriketako estenosia du, hau da, bihotzetik biriketara doan arteria, ohi baino estuagoa du. Ebakuntza behar izaten dute horrelako diagnostikoek, jakin eta berehala komunikatu zieten hori gurasoei.
Albistea «gogorra» izan zen. «Nire semea biziko al da?» galdetzen zion amak bere buruari, egoeraren handitasuna asimilatzen saiatzen zen bitartean.
Hala ere, Jakesen kasua, berezia da. «Bi arazoen artean nolabaiteko konpentsazioa gertatzen da: bihotzean duen zuloaren bidez, behar baino odol gehiago igarotzen da, bai, baina biriketara doan arteria meheagoa denez, odol jarioa txikiagoa da». Horri eskerrak, ebakuntza atzeratu ahal izan dute, ahal izan duten guztia, haurra kozkortu den arte, baina jakin badakite, egunen batean, laster ziurrenik, ebakuntza egin beharko diotela.
Laguntza «ezinbestekoa»
Familia honek pasa behar izan duen prozesua ez da batere erraza izan. «Gora-behera asko izan dira sei urteotan, arriskuko pertsona bat baita Jakes, eta zaintza berezia behar du birusen aurrean adibidez. Kristalezko haurra da», dio amak. Oso hauskorra, baina indar miresgarriarekin. «Jakesek ondo ez dagoenean bere energiak neurtzen ikasi du, asko nekatzen baita, eta bere higiene pertsonala arreta handiz zaintzen du, ez gaixotzeko. Bere mugak ulertzen ditu», kontatu dute gurasoek.
«Gora-behera asko izan dira sei urteotan, arriskuko pertsona bat baita Jakes, eta zaintza berezia behar du birusen aurrean adibidez. Kristalezko haurra da»
Nagore Lariz. Jakes mutikoaren ama
Bide horretan Bihotzez elkartearen laguntza «ezinbestekoa» izan da. Bihotzez, sortzetiko kardiopatiak dituztenen elkartea da. «Bihotzez babeslekua izan da guretzat. Laguntza psikologikoa eman ziguten, orientazioa eman ziguten eta sortzetiko kardiopatien beste kaltetu batzuekin eta haien familiekin saretzeko bitartekoa izan da», dio Jakesen amak. «Elkartea indar eta itxaropen zutabe bat izan da», diote biek.
Sortzetiko kardiopatiak dituzten Euskal Herriko pertsonen eta beraien familia-kideen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen irabazi asmorik gabeko elkartea da Bihotzez. Bizkaian sortu zen 2011n guraso batzuen ekimenari esker, zeinak egoera berdinean zeuden familiekin bat egin zuten helburu garbi batekin: sortzetiko kardiopatia duten haurrei eta beraien familiei laguntzea.
Sentsibilizazioa
Sortzetiko Kardiopatien Nazioarteko Egun honetan, garrantzitsua da gaixotasun horiek pairatzen dituztenen eta haien familien bizitzetan duten eraginari buruz hausnartzea. Egun honek, detekzio goiztiarraren eta tratamendurako sarbidearen garrantziaz gizartea sentsibilizatzeko ez ezik, Jakes bezalako txikien eguneroko borrokari omenaldia egiteko ere balio du. Eta bihotza, zalantzarik gabe, maitasunaren sinboloa da, baina askorentzat, Jakesentzat eta bere familiarentzat bezala, gainditzearen, itxaropenaren eta, batez ere, bizitzaren sinboloa ere bada.