«Atzetik datozenek euskaraz irakurtzen dudala ikustea nahi dut»
‘Argia’ aldizkariak Jesus Mari Kerejeta (Urretxu, 1946) omendu du, harpidedun gisa 50 urte bete dituelako. Kerejeta GOIERRIKO HITZA egunkariko harpideduna ere bada.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/jesus_mari_kerejeta.jpg)
Jesus Mari Kerejetaren etxean euskaraz egin da beti. Bere anai-arrebekin euskaraz hitz egin du beti eta seme-alabekin eta bilobekin ere bai. Kezkatuta ageri da, Urretxuko eta Zumarragako gazte askok ez dutelako euskaraz egiten. Duela 50 urte Zeruko Argia aldizkariko harpidedun egin zen. Oso gutxi dira horrenbeste urte daramatzatenak astero aldizkaria jasotzen. Hori dela eta, omenaldia egin zieten Argia sarien banaketa ekitaldian. Kerejeta bere seme Anderrekin joan zen omenaldira.
‘Atxunberri’ familian euskaldun peto-petoak zarete.
Gure etxean beti euskaraz hitz egin dugu. Erdaraz ez dugu sekula egiten. Ez semeek, ez alabak, ez errainek… Gure artean denok euskaraz egiten dugu. Eta Gabiriara joaten garenean, zer esanik ez. Emaztea Gabiriako Zantagoiti baserrikoa da. Oporrak Gabirian pasatzen genituen umeak txikiak zirenean eta han Urretxun eta Zumarragan baino errazagoa da euskaraz egitea. Baina anai-arrebon artean ere euskaraz hitz egiten dugu. Gure aita zenak justu-justu hitz egiten zuen erdaraz, garai hartan beste askok bezala. Bere lagun guztiak ere euskaldunak ziren: Estanis Larrañaga, Lazaro Segurola… Amak hobeto egiten zuen gaztelaniaz. Gurasoak Urretxura etorri zirenean, erdaldun gutxi zegoen oraindik Urretxun eta Zumarragan.
Izan ere, zure gurasoak ez ziren urretxuarrak jaiotzez.
Azpeititik etorri ziren. Aita (Manuel) Aratz-Erreka auzokoa zen eta ama (Lucia) Urrestilla auzokoa. Aita Atxunberri baserrikoa zen eta ama Lakute baserrikoa. Ezkondu eta Urretxura etorri ziren. Aitak lehengusu txiki bat zuen bertan. Hasieran Legazpiko Patrizio Etxeberria enpresan lan egin zuen eta ondoren Zumarragako Orbegozo enpresan. Urte asko eman zituen galdategian lanean. Anai-arrebok Urretxuko Iparragirre kaleko 17an jaio ginen. Zortzi anai-arreba ginen: Jose Antonio, Maria Lurdes, Maria Jesus, Jesus Mari, Iñaki, Juan Manuel, Kontxi eta Jose Mari. Denok bizi gara, bigarrena, Iruñean bizi zena, izan ezik.
Non lan egin zenuen?
1961ean Orbegozo fabrikan hasi nintzen lanean. 1970ean Orbegozo utzi eta Banco Central bankuan hasi nintzen lanean, Urretxuko bulegoan. Hispano Americano bankuarekin bat egin zutenean, Urretxuko bulegoa itxi egin zuten eta Zumarragakora bidali ninduten.
«Gure etxean beti euskaraz hitz egin dugu. Erdaraz ez dugu sekula egiten. Ez semeek, ez alabak, ez errainek… Gure artean denok euskaraz egiten dugu»
Nolatan pasa zinen Orbegozotik bankura?
Bankuan lan egitea fabrikan lan egitea baino erosoagoa zelako. Fabrikan, garai hartan, goiz, arratsalde eta gauez lan egitea edo igandeetan joatea suerta zitekeen.
Nolatan egin zinen Argia aldizkariko harpidedun?
Elkar argitaletxeko Joseba Jakarekin hartu-emana nuen eta bere bitartez egin nintzen harpidedun. Garai hartan ez zen Argia, baizik eta Zeruko Argia. Kaputxinoek argitaratzen zuten. Asko kostatu zitzaidan euskaraz irakurtzera ohitzea. Egun, aldizkarian argitaratzen duten ia guztia irakurtzeko gai naiz. Harpidedun egin nintzen garaian euskaraz oso gutxi irakurtzen zen, ordea. Ez zegoen ia ezer irakurtzeko. Zeruko Argia eta Arantzazuko egutegia besterik ez. Gurasoek Arantzazuko egutegia urtero erosten zuten. Eta emaztearen baserrian ere bai. Orain ere badaukagu.
Argia aldizkariari esker alfabetatu zinen, beraz.
Hala da. Argia aldizkarian oso ondo idazten dute. Gainera, gaiak oso ondo lantzen dituzte. Gaiak ondo hartutakoak dira eta ondo garatzen dituzte.
Argia aldizkariak sekulako bilakaera bizi izan du azken 50 urteetan eta zu bilakaera horren lekuko izan zara. Aldizkarian idazten duten guztien artean, ba al duzu kazetari kuttunik?
Denen testuak gustura irakurtzen ditut. Historiari buruzko testuak bereziki gustura irakurtzen ditut. Bestalde, kolaboratzaile batzuk ere oso gustuko ditut: Iñaki Murua, Karmelo Landa…
Etxean jasotako ale guztiak gordeta al dituzu?
Gordeta izan nituen, baina bota egin nituen. Izan ere, egun, argiratutako guztia telefono mugikorrean irakurri daiteke. 50 urte hauetan jasotako aldizkari guztiak gordeta izango banitu, Diogenesen sindromea dudala pentsatuko lukete!
«Urretxun eta Zumarragan euskaraz horren jende gutxik hitz egitea tristea iruditzen zait. Euskaraz dakitela jakinda, gainera»
Esan bezala, egun mugikorrean edo ordenagailuan irakurri daiteke, baina zuk papera nahiago duzu.
Atzetik datozenek euskaraz irakurtzen dudala ikustea nahi dut. Seme-alabek eta bilobek ez didate sekula gaztelaniaz egin.
GOIERRIKO HITZA egunkariko harpideduna ere bazara. Hasieratik, gainera.
Hala da. Goierriko Hitza egunero irakurtzen dut.
Euskal idazleen nobelak irakurtzen al dituzu?
Lehen nobelak ere irakurtzen nituen, baina egun ez dut denborarik. Izan ere, Argia aldizkariaz eta Goierriko Hitza egunkariaz gain, Gara egunkaria irakurtzen dut. Egunero ordu eta erdi inguru ematen dut Gara irakurtzen. Hor ere euskarazko testu asko argitaratzen dituzte.
Nola ikusten duzu euskara Urretxu eta Zumarragan?
Gazte asko gaztelaniaz entzuten ditut. Euskaraz ba al dakiten galdetzen diet eta baietz esaten didate. Tarteka kuadrillaren bat euskaraz entzuten duzu, baina gehienek gaztelaniaz egiten dute. Nire ustez, 30 urtetik gorakoek gehiago hitz egiten dute euskaraz 30 urtetik beherakoek baino. Nire bi semeen kuadrilletan euskaraz egiten dute. Hemen gaztelaniaz egiten duten gazte horiek guztiak Azkoitian eta Azpeitian biziko balira, euskaraz egingo lukete. Urretxun eta Zumarragan euskaraz horren jende gutxik hitz egitea tristea iruditzen zait. Euskaraz dakitela jakinda, gainera. Tabernetako zerbitzari guztiek euskaraz dakite eta euskaraz erantzuten dizute, baina gero gaztelaniaz jarraitzen dute.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/whatsapp-image-2025-02-13-at-09-58-36.jpeg)
Zortzi anai-arrebak, gurasoekin. Jesus Mari ezkerrekoa da.