Beasain Igartza literatur-sorkuntza bekarako proiektuak aurkezteko epea zabalik dago

Igartza Literatura-sorkuntzako bekaren 2025 urteko edizioa martxan da. Proposamenak ekainaren 30era arte aurkeztu ahal dira, udaletxeko sarreran erregistro ofizialean aurkeztuta horretarako eskaria betez, edo udaletxeko erregistro elektronikoa erabiliz. Garazi Kamio Anduagak, Esti Martinez Diaz de Ceriok eta Olatz Mitxelena Larretak osatutako epaimahaiak bat hobetsiko du irailaren 15a baino lehen, hala badagokio; honek, 10.000 euroko laguntza jasoko du ideia garatu eta liburu formatuan argitaratzeko. Erdia irabazle izendatu bezain laster jasoko du eta beste erdia, lana amaitutakoan. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua entregatzeko.
1998. urtean hasi zen hiru aldeen arteko elkarlana, «idazle gazte eta hasiberriei laguntzeko eta euskal kultura zabaltzeko». Gerora izen handiko idazleen harrobia izan da. Euskadi Sariak ere atera dira bertatik.
Parte hartzaileek 35 urte baino gutxiago izan beharko dute eta aurretiaz helduentzako bi lan baino gutxiago izan beharko dituzte argitaratuta. Igartza bekaren irabazleek ezingo dute errepikatu; narratibako lanak izan behar dira, eleberriak edo ipuin-bildumak. Euskaraz idatziak izan behar dira eta jatorrizkoak.
Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira: egilearen izen- abizenak, nortasun agiriaren kopia, helbidea, harremanetarako posta elektronikoa eta telefono zenbakiren bat; landu nahi den kontakizunaren azalpena ere bidali behar da, bi eta lau orri bitartekoa. Sinopsia, egitura, estiloa… Zenbat eta informazio gehiago, orduan eta hobe; 15-20 orriko lagina ere atxiki behar da. Ez du hasiera izan beharrik, baina bai segidakoa.