Carmen Castrodeza Velascok 100 urte bete ditu
Herritar guztien izenean zoriondu eta oparia eman diote Leire Artola alkateak eta Mariola Pascual zinegotziak.

Carmen Castrodeza Velasco beasaindarrak 100 urte bete zituen ostiralean eta senitarteko eta zaintzaileekin ospatu zuen. Leire Artola alkatearen eta Mariola Pascual zinegotziaren bisita ere jaso zuen, herritarren partetik zoriontzeko eta lore sorta eta oroimenezko plaka oparitzeko.
Carmen Castrodeza Velasco, Magdalena Velasco Redondo eta Pedro Castrodeza beasaindarren alaba, Parisen jaio zen duela mende bat. Bere familia Beasaindik Frantziako hiriburura joan zen, aitak CAF enpresaren lan-eskaintza onartu ondoren. Parisko Sacree Coeur-en bataiatu zuten. 8 urtez bizi izan zen Parisen, Saint-Ouen etorbidean, Donibane Lohizunera bizitzera joan zen arte.
1936an, bera eta bere familia Valladolidera (Espainia) joan ziren oporretan, eta Gerra Zibila hasi ondoren, Espainian geratu behar izan zuten bizitzen, lehenik Valladoliden eta gero Beasainen. 19 urterekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituen. Beasainen 80 urte baino gehiago daramatza eta gaur egun tutoretzapeko etxebizitzetan bizi da. Bizitzan zehar, zailtasun askori egin behar izan dio aurre, beti sendotasunarekin eta baikortasunarekin. Umore onez eta bizitasunez, maitasuna, eta familia-batasuna dira benetan irauten dutenak bere iritziz.