'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainari ekin dio Uemak
Beste herrialde batzuetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusaraztea da helburua. Tartean da Zaldibiako Illati tabernako Valeria Medina.

Lehen aldiz 2023ko azaroan ekin zion Uema Udalerriko Euskaldunen Mankomunitateak Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin.
Bateko eta besteko haurrak eta nerabeak izan ziren kanpaina haren irudia, eta ekimenak “oihartzun ederra” izan zuen sareetan zein hedabideetan. Orduan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko beharra ere nabarmendu zioten hainbat udalek Uemari, eta horiek dira kanpainaren bigarren aldi honetako protagonistak.
Zehazki, Azkoitia, Mutriku, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo, Lekeitio eta Zaldibiako ostalariak eta merkatariak dira kanpainan agertuko direnak. Zaldibiakoa Valeria Medina da, Illati tabernakoa.
Kanpainaren nondik norakoak azalduz, udalerri euskaldunetarako kartelak eta diptikoak prestatu ditu Uemakk, eta gaurtik aurrera izango dira ikusgai batean eta bestean. Era berean, sare sozialetarako edukia eta bideoak ere gaurtik aurrera zabalduko dituzte Uemak eta hainbat udalek. Bideo orokorra lehenik, eta kanpainan parte hartzen duten tabernari eta ostalarien banakako bideoak ondoren, egunez egun.
Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan
Kanpaina honen abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen Uemak lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute Uemak, udalek eta hainbat eragilek. Herri horietako zenbaitek kezka adierazi dute, lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren. “Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak”.
Erdaraz hasten zaizkie herritar asko
Euskaldunak dira Amin, Ansou, Narcisa, Rizwan, Keyla, Marcos, Maurizio, Guina, Jennifer, Daniel, Michele eta Valeria. Aljerian, Senegalen, Errumanian, Pakistanen, Brasilen, Bolivian, Sardinian, Uruguain, Mexikon eta Nikaraguan jaio dira. Arabiera, wolofera, errumaniera, urdua, portugesa, sardiniera edo gaztelera jaso dute etxean. Euskara, beraz, ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin.
“Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak sentitzen direlako”.