Ekintzailetza arloko 29 enpresa sortu dira Goierri behean 2024an
Goiekiko Ekintzailetza sailak 98 pertsonari eman die laguntza eta aholkularitza iazko urtean.

Goiekiko ekintzailetza sailak negozio ideiak errealitate bihurtu nahi dituztenentzat laguntza eta aholkularitza lanarekin jarraitu du 2024an. Hamabi hilabete horietan, euren proiektuak martxan jartzeko helburua zuten 98 pertsonari eman die informazioa eta aholkularitza.
Azken urteetako joerari jarraituz, parte hartzaileen %59 emakumeak izan dira, eta %41 gizonak. Parte-hartzaileen lan egoerari dagokionez, %29 langabezian zeuden, %62 enplegatuta eta %2 beste egoera batzuetan zeuden, hala nola, autonomoak, eszedentziak edo ikasketak.
29 enpresa, 46 lanpostu
Urtean zehar, negozioetarako 37 bideragarritasun-plan egiten lagundu eta aholkatu ditu Ekintzailetza sailak. “Ahalegin horiei esker, 29 enpresak martxan jartzea lortu dute, guztira 46 lanpostu sortuz gure eskualdean”.
Sortutako enpresek 541.477 euroko inbertsioa egin behar izan dute guztira. Horietatik 213.477 euro baliabide propioekin finantzatu dituzte, eta gainerakoa, 328.000 euro, besteren kontura.
Aholkularitza zerbitzuaz gain, agentziak hiru enpresa gune kudeatzen ditu: NBF eta Mallutz –Ordizian– eta Anezka –Beasain–. Gune horien okupazio-tasa % 70ekoa izan zen 2024an.
Goiekiren enpresa-proiektu 27. edizioa egin zen 2024an. Enpresa proiektu berri onenaren atalean, Alaine Studiok irabazi zuen saria. Proiektu horren atzean dagoen pertsona, Alaine Albisu, pasioz eta esfortzuz lan egiteko gogoa duen 20 urteko ekintzailea da. Goierrin ohikoa ez den sektore baten aldeko apustua egin du, tradizioa, teknologia, ingurumena eta digitalizazioa uztartuz. Proiektuak 6.000 euroko saria jaso zuen.
“Harro gaude Goiekiko ekintzailetza sailak komunitatean izan duen eragin positiboagatik, eta etorkizunean ekintzaile gehiagori laguntzeko konpromisoarekin jarraitzen dugu”, nabarmendu du Goiekiko Ekintzailetza sailak.