Enara Gamindek bere legea ezarri du Legazpin eta bikain ekin dio Urrezko Ligari
Arraiza aurrean zuela, Etxegarai-Eratsun bikoteari gailendu zaizkie (22-16) Urbeltz pilotalekuan.

Emakumeen esku pilotaren iraultza honen hasiera-hasieratik egin zuen Legazpiko Udalak kirol honen aldeko apustua, eta atzo ere giro ederrean eta Urbeltz pilotalekuko harmailak beteak zirela jokatu da aurtengo Binakako Txapelketa Nagusiko Urrezko Ligako bigarren jardunaldia.
Txapelketako partida azken orduko aldaketa batekin jokatu da, Miriam Arrillagak, eskuko minez, Itxaso Erasuni utzi behar izan baitio bere lekua Etxegarairen atzelari gisa. Berme osoko atzelaria da zizurkildarra, bere jokoan azken urtean sekulako jauzia eman duena, baina gaurkoan egungo atzelaririk sendoenaren aurka jokatzea egokitu zaio, eta lan ona egin duen arren, amore eman behar izan du Arraizak ondo lagundutako Enara Gaminderen aurka (22-16).
Ezbairik gabe, Laukizko atzelaria izan da Legazpiko gaurko protagonista nagusia, atzeko koadroetan erabateko bermea ematen du bizkaitarrak, partidetan agindu egiten du eta Miriam Arraiza ere geroz eta maila hobea erakusten ari denez, bikote oso indartsua osatzen dute, txapelaren lehian oso kontuan hartu beharrekoa. Parean, Etxegarai saiatu da jokoa nahasten, baina ezin izan du tanto gehiagorik egin eta garrantzi handiko puntua Arraiza-Gaminderentzat izan da. Txapelketako lehen fasean ere bi bikote hauen arteko lehian, Oñatin, gipuzkoarra eta bizkaitarra nagusitu ziren, txapelketa oso erregularra osatzen ari direnaren seinale.
Azken bi jardunaldiak Gipuzkoako pilotalekuan osatu ostean, Binakako Txapelketa Nagusiak Bizkaira egingo du berriz hurrengo asteburuan, Gallartara zehazki esateko, ostiral arratsaldez jokatuko den beste jardunaldi ezin interesgarriago batekin.
LEGAZPIKO JAIALDIA
Lehenengo partida. Eskuz binaka pilota mistoa elite
- Aldai-Zabala 22
- Garai-Capellan 17
Bigarren partida. Eskuz binaka pilota mistoa elite. Urrezko liga
- Arraiza-Gaminde 22
- Etxegarai-Erasun 16

Garai-Capellan urdinez, Aldai-Zabala gorriz.