Legazpin bizilagun bat etxegabetzekoak dira
Goierriko Kontseilu Sozialistako Etxebizitza Sindikatuak informazio saioa egingo du ostegunean. Hilaren bukaeran pertsona bat etxegabetuko dutela jakinarazi du.

Goierriko Kontseilu Sozialistaren Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, hilaren amaieran pertsona bat etxegabetuko dute Legazpin, eta horren berri emateko, batzarra antolatu dute ostegunerako. Kultur Etxean izango da bilera, 18:30ean, eta etxegabeen inguruko informazio zabala emateko baliatuko dute.
Sindikatuko ordezkariek azaldu dute legazpiar horren deia jaso zutela, laguntza eske. «Pertsona hori alokairuan bizi da Legazpin, eta etxearen jabearekin hainbat arazo izan ondoren, ilegalki botatzen saiatu zen. Ondoren, bide judizialetik hasi zuen maizterra kaleratzeko prozesua, eta ziurrena da kaleratze hori hurrengo astean gauzatzea».
Pertsona bakarra da kaltetua, gizonezkoa, atzerritar jatorrikoa. «Ez du familiaren babesik, pertsona zaurgarria da, eta etxebizitza bat lortu arte kaleratzea atzeratzea eskatu dugu». Horretarako, udalarekin harremanetan jarri direla diote, «behin-behineko alternatiba» eskatuz, baina ezezkoa jaso dutela salatzen dute, «ez duela horretarako baliabiderik esan digute, eta badakigu ez dela egia». Bitartean, etxebizitza bila dabil, «baina oso zaila gertatzen ari zaio, Legazpin ez dagoelako ia alokairurako merkaturik, eta atzerritarra izanda, okerragoa da».
Kaleratze gehiago
Legazpiko kasuari eta etxegabetzeei buruzko informazioa zabaltzeko ostegunean egingo duten saiora joateko deia egin dute Etxebizitzaren Sindikatuko kideek. «Geroz eta kasu gehiago daude, orokortzen ari den arazoa da, nahiz eta Espainiako gobernu progresistak moratoria legea martxan jarri duen, eta saldu duen etxegabetze guztiak bertan behera geratuko direla». Kontzientziatu egin nahi dute, «etxebizitzarekin negozioa egiten den bitartean, horrelako gauzak gertatzen jarraituko dira, eta urrutiko kontuak diruditen arren, herrian bertan ere gertatzen dira».
Sindikatua kasu horietan laguntzeko dagoela ere gogoratu dute, eta horretarako 613 908 263 zenbakira deitu daiteke.