Beasaingo inauteri herrikoira batzeko gonbita egin du Ostadar dantza taldeak
Martxoaren 1ean dantza, musika eta kolorez beteko dituzte Beasaingo kaleak.

Azken asteetan iragarri bezala, martxoaren 1ean ospatuko da Beasaingo inauteri herrikoia. Herriko kaleetan barrena urteroko dantza-desfile herrikoia egingo dute, Ostadar dantza taldearen ekimenez. Urtero legez, Euskal Herriko hainbat lekutan egunotan ikus daitezkeen inauterietako dantzak eskainiko dituzte.
Ohi bezala, taldeko kideez gainera, musikari laguntzaileak zein taldeak antolatutako entseguetara azaldutako herritarrak irtengo dira, eta baita inguruko herrietatik inguratuko diren lagun dantzari batzuk ere. Dena den, dantza kalejira irekia izango denez, larunbatean bertan herritarrei dantzara irteteko deia luzatu diete Ostadar dantza taldetik «elkarrekin inauteriak ospatzeko».
Egun osoko egitaraua
Horren aitzakian, egun osoko festa-egitaraua prestatu dute. Goizean, 10:30ean irtengo dira Oriamendi kalean duten lokaletik, eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira 13:30ak bitartean. Orduan emango diote kalejirari amaiera Bideluze Plazan. Eguraldi txarra egingo balu, berriz, desfilea Gernika Pasealekuko frontoian eta Loinazko San Martin plaza azpian egingo dute.
Arratsaldean, festak jarraipena izango du, izan ere, 19:00etatik aurrera, Elizagoien ahizpen erromeriaz gozatzeko aukera izango baita Loinazko San Martin plaza azpian.