CAF-Rail Linen akordioa lortu dute langileek
LAB sindikatuak jakinarazi duenez soldata "igoerak KPIaren gainetik, urteko lanaldia 28 ordutan murriztea edo telelanerako aukeren hedapena dira lorpen nagusiak".

Ibarrako CAF-Rail Lineko langileek eta zuzendaritzak akordioa lortu dute azken asteotako hainbat lanuzteren eta mobilizazioren ostean. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, mahai negoziatzailean enpresaren aldetik “jarrera aldaketa” bat izan da, eta hortik, “hiru urterako akordioa” sinatzea lortu dute, “langile batzarrean gehiengo zabalez onartua” izan dena. Langileen ordezkaritzak komunikatu duenez, “soldata igoerak KPIaren gainetik, urteko lanaldia 28 ordutan murriztea edo telelanerako aukeren hedapena dira lorpen nagusiak”.
“Langileon arteko elkartasun eta konpromisoaren bidez lortu da lehen aldiz enpresa lan baldintzak modu kolektiboan negoziatzera eserarazi eta eduki nabarmenak dituen akordioa erdiestea”, nabarmendu dute LAB sindikatutik. Horregatik, CAF – Rail Lineko langileak “zoriondu” nahi dituzte. “Bide beretik iritsiko dira lorpenak aurrerantzean ere”.