Tolosako abere hiltegiaren egoerarekin kezka dago sektorean
Enba sindikatuak adierazi du "egoera oso larria" dela, eta horren ardura hiltegia kudeatzen duen enpresari egotzi dio. Langileek greba deialdia egin dute.

Enba nekazal sindikatua kezkatuta dago Tolosako hiltegiaren “egoera larriarekin” eta langileek egin duten greba deialdiarekin. Goierriko herri gehienetako abeltzainek hiltegi horretara eramaten dituzte abereak hiltzera, eta hainbat udal dira hango mankomunitateko partaide.
Sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, Gipuzkoako Enbaren ordezkaritza bat Tolosako hiltegiko langileekin elkartu zen atzo. Greba zurrumurruak direla eta, hiltegiaren egoeraren berri izatea zen bileraren helburua.
“Egoera oso larria da. Zor handia pilatu dute Tolosaldeako Mankomunitaterekin eta Tolosako Udalarekin. Lokalagatik ordaindu beharreko kanona eta alokairua urteetan ez dute ordaindu, eta sorpresaz, egoera horretan jarraitzea utzi zaio”.
Hiltegiaren kudeaketaren bilakaera
Incarosa enpresak kudeatzen du Tolosako hiltegia, eta Enbaren esanetan, azken bi urteetan “enpresa ahuldu” egiten dute. “Giza baliabideak gutxitu dituzte, zuzendaritzarik ez, eta kamioiak kendu dituzte, okelaren banaketa nabarmen okertuz”.
Langileek bi hilabete daramatzate soldatarik jaso gabe, eta hori dela eta greba deialdia egin dute otsailaren 24tik aurrera. “Gure kezka helarazi diegu, horrek abeltzainengan izan dezakeen eraginarengatik”.
Era berean, Enbak adierazi du Tolosaldeko Mankomunitateko presidentearekin ere hitz egin duela haien iritzia ezagutzeko. “Egoera larriki okertu denez, saiakera batzuk lantzen aritu badira ere, badirudi, oraingoan, greba deialdiaz jabeturik, luzerako proposamenak alboratu eta datozen egun-astean langileen soldatak ordaintzeko irtenbidea lantzen ari direla, baina irtenbide horrek, txosten juridikoaz gain, mankomunitatea osatzen duten 45 udalen babesa lortu beharko du”.
Ardura nagusia Incarosa enpresarena
Enbak argi du Tolosaldako hiltegiaren egungo egoeraren “ardura nagusia” hiltegia kudeatzen duen Incarosa enpresarena dela eta bereziki, azken urteotan eraman duen “joko maltzurrarena”. Mankomunitateari ere egotzi dio bere ardurapeko zerbitzuarekiko “urruntasuna eta kontrol eza, bestela, ezinezkoa baita, egungo egoerara iristea”
Gaur egungo “egoera larriari “irtenbideren bat bilatzeko alde guztien aldetik “erreakzio azkarra” eskatzeaz gain, Enbak argi utzi nahi du Tolosako hiltegiaren etorkizun planteamenduak egiterakoan, zerbitzua “bertako abeltzainen beharretara dimentsionatu” behar dela, “eta ez handizkako ganadutegien animaliak hilez eta gure merkatuan gure okelari konpetentzia egiteko azpiegitura diseinatuz”.