Ordiziako Altamirako eskola zaharra eraberritzen ari dira
Lehen faseko lanetan, 128.000 euroko inbertsioa egin du Ordiziako Udalak, teilatua, terraza eta kanpoaldeko eskailerak berritzeko.

Ordiziako Altamira auzoko eskola zaharra eraberritzeko lanetan ari da udala. Gaur egun, auzo elkartearen egoitza da. Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, urte asko ditu, eta nahiko egoera kaskarrean zegoen. Era horretan, lanen lehen fasean, besteak beste, teilatua, terraza eta kanpoaldeko eskailerak berrituko dira.
Teilatutik hasi dituzte lanak. Teilatuak uralita zutenez, iaz amiantoa erretiratzeko lanak egin zituzten. 6.000 euroko aurrekontua izan zuten lanak. Behin amiantoa kenduta, teilatu berria egin dute, 50.000 euroko inbertsioa eginda.
Orain terrazaren txanda da: itoginak konpontzeko iragazgaizte lanak egin dira, zoru berria jartzen ari dira eta barandilla berria ere jarriko dute. Bestalde, beheko solairutik terrazara igotzeko dauden bi eskailerak ere berrituko dituzte. Lan horiek guztiek 72.000 euroko kostua izan dute.
Bigarren fasean
Behin, kanpoaldeko lanak bukatutakoan, bigarren fase batean barrualdean ere hainbat konponketa lan egitea da udalaren asmoa.