Bost odol emaile omendu dituzte Ataunen
Aitortzen artean, zilarrezko dominak eta Odol Emaile Handiaren oroigarria jaso dituzte.

Bost odol emaile ataundarri aitortza egin diete Ataungo Odol Emaileen elkarteak eta Ataungo Udalak, herritarrek urte luzeetan zehar egindako ekarpenengatik. Pasa den ostegunean, hilak 13, udaletxean egindako ekitaldian eman zituzten sariak, Jose Luis Gorostizu elkarteko kidearen eskutik. Zilarrezko dominak eta Odol Emaile Handiaren oroigarria banatu zituzten ekitaldian.
Irati Arratibel, Jaione Urkiola, Eider Goikoetxea eta Ainara Gorostizu ataundarrak izan ziren zilarrezko dominak jaso zituzten odol emaileak, orain arte egindako 25 odol-emateengatik; eta Joxe Begiristainek, berriz, Odol Emaile Handiaren oroigarria jaso zuen, haren 75 odol-emateengatik.
Hitzordua, bihar
Ataungo Udalak eta Odol Emaileen Elkarteak «oso beharrezkoa» den aitortza izan dela azpimarratu dute, eta hurrengo odol ematearen data zein den ere gogorarazi dute. Ohi bezala, Joxemiel Barandiaran eskolan egingo da, bihar, osteguna, otsailak 20, eta bertaratzeko eta parte hartzeko deia egin diete herritar orori.