Urretxuko eta Beasaingo udalek Hariak Ekosistemaren topaketan parte hartu dute
Nahigabeko bakardadeari aurre egiteko dituzten egitasmoak aurkeztu dituzte bi udaletako ordezkariek.

Urretxuko Udalak eta Beasaingo Udalak Hariak Ekosistemaren topaketan parte hartu dute gaur, Donostiako Arima hotelean. Adinberri fundazioak antolatutako topaketa horretan Adinberri-Hariak 2024 diru-laguntzen onuradun izan diren egitasmoak aurkeztu dira. Horrez gain, Korale Europa mailako proiektuaren aurrerapausoen berri eman da. Bi egitasmoen helburua, Adinberri-Hariak diru-laguntzena eta Korale proiektuarena, bilatua ez den bakardadeari aurre egitea da.
Adinberri-Hariak diru-laguntza deialdiaren eskutik 800.000 euro banatuko dira. Hiru lan ildo lagunduko ditu: bilatua ez den bakardadea ezagutu eta diagnostikatzeko proiektuak, konponbide berritzaileak garatzeko egitasmoak eta agente ezberdinen arteko elkarlana erraztuko duten ekosistemak sortzera bideratutako proiektuak.
Urretxu eta zaintzen egitasmoa
Urretxun Zaintzen egitasmoari dagokionez, bere helburua bilatua ez den bakardadea ezagutzea eta horri aurre egitea da. Horretarako, bost lan ildo estrategiko ditu: kontzientzia eta heziketa, konpainia, teknologia berriak, komunitatearen eta gizarte sarearen sustapena eta senitartekoei aholkularitza.
Kontzientzia eta heziketari dagokionez, bilatua ez den bakardadea pairatzen duten bizilagunek horren jakitun izatea eta horri aurre egiteko erremintak eskaintzea da helburua. Horretarako, psikologo baten laguntza dute.
Akonpainamenduari dagokionez, udalak etxez etxeko laguntzako langileen rola indartuko du. Laguntza eskaintzeaz gain, zerbitzuaren erabiltzaileek gizartean parte hartzea sustatuko dute. Horretarako, etxez etxeko laguntzako langileei formazioa eskainiko zaie eta lan ordu zehatz batzuk zeregin horretara bideratuko dituzte.
Teknologia berriak ere erabiliko dira. Tableten, mugikorren eta aplikazioen bidez, Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileek ariketa pertsonalizatuak izango dituzte, jarraipena egingo zaie eta Gizarte Zerbitzuekin harreman zuzena izango dute. Horretarako, teknologia berrien inguruko formazioa eskainiko zaie.
Beasainen Dar Darekin eta EHUrekin
Beasaingo Udalarena, Dar Dar Produkzioekin batera, nahi ez den bakardadearen eta osasun mentalaren arteko zuzeneko erlazioari buruz herritarrak sentsibilizatzeko eta hezteko proiektua da. Bi fase ditu egitasmoak. Lehenengo fasea, sentsibilizazio fasea hain zuzen ere, nahigabeko egoeran dauden herritarrak detektatzea eta egoera hauei aurrea hartzea da helburua. Zer egin horretan, gazte eta helduekin, buru osasuna eta bakardadearen inguruan kooperatibak duen Zulo beltza proiektua erabiliko da, antzerki emanaldi bat eta dinamika parte hartzaile bat uztartuko dituena. Sentsibilizazio fase honetan, Arteriako hiru sortzaileren parte hartzea sustatuko dute, prozesua behatzeko, eta amaieran diziplina anitzeko pieza artistiko bat sortuko dute.
Gainera, UPV/EHUrekin batera, Beasainek Etxelagun I-Etxebizitza eredua proiektua gauzatuko du, nahi ez den bakardadeari aurre egin eta prebenitzeko. Ekimen honek, proiektu bultzatzaileen barruan, bakardade arriskuan dauden pertsonen arteko bizikidetza eta elkarrekiko laguntza sustatuko duten etxebizitza prototipoak diseinatu eta ebaluatu nahi ditu. Laguntza hau Beasaingo Udalaren menpeko diren etxebizitza tutelatuetan burutuko da.