X. Legoreggae jaialdia forma hartzen ari da
Martxoaren 29an egingo dute Legorretako kiroldegian hamargarren reggae musika jaialdia. Parte hartuko duten taldeak iragartzen ari dira pixkanaka. Sarrerak salgai daude.

Legorretako reggae jaialdiak, Legoreggae festibalak, 10. edizioa beteko du aurten. Martxoaren 29an Harripila kiroldegiko oholtzan izango diren hainbat musika talderen berri eman dute dagoeneko antolatzaileek. Jaialdirako sarrerak salgai daude, 20 euroan.
Aurreratu dituzten taldeak ondorengoak dira:
- Lua Matheus: “Bere zainetatik dabilkion energia afro-latindarrarekin dantzan jarriko gaitu!”.
- Eira (Eider Elortza). “Gure sistak ahots indartsu zein goxoarekin dantzan jarri izan gaitu maiz eta, aurtengoan ere, ez dugu zalantzarik halaxe egingo duela”.
- King Konsul. “Reggaearen euskal Konsula!!. Gure oholtzan esperientzia handia duen artista dugu. Askotan izan dugu aukera bere ahotsaz gozatzeko eta X.edizioan ere hala behar zuen!”.
- Evolutionary Brothers. “Gure anaiak!! Hamar urtez elkarrekin antolatu dugu jaialdia eta, urteurren honetan, beraiek eszenatoki gainean izatea ezinbestekoa da”.
- Marabiyak Sound. “Bai, bai, baii!! Aurten ere gurekin izango ditugu Marabiyak Soundeko gure lagunak. Aurreko jaialdian ikaragarrizko giroa jarri zuten, denak dantzan jarri gintuzten eta aurten ere berdina lortuko dutela ziur dugu! Plazera da guretzat jaialdiari hasiera beraiekin ematea”.
- Proteje: “Ohore ikaragarria da Proteje Legoreggaeren 10. edizioan izatea. Europan zehar egingo duen In search of Zion tourrean Euskal Herrira etorriko da guregana. Ez galdu Protojez gozatzeko aukera hau. Argi dugu eta ahaztezina izango dela!”.
- Band Sound. “Plazer bat da, beste behin, Euskal reggae eszenako aintzindari den Band Sound gurean izatea. Itzela izan zen 2022ko jaialdian sortu zutena eta halaxe izango da X.edizio honetan ere!”.