27. Gabiria-Legazpi Rallysprinta, euskal automobilismo denboraldiko lehen proba
60 taldek parte hartuko dute larunbateko 27. Gabiria-Legazpi Rallysprintean. 120 partaideetatik, 24 goierritarrak dira. Lehenengo ibilgailua 12:00etan abiatuko da Legazpirantz.

Larunbatean hasiko da euskal automobilismo denboraldia, 27. Gabiria-Legazpi Rallysprintarekin. Bosteko Eskuderia arduratuko da antolakuntzaz. 60 taldek parte hartuko dute. Bihar, 18:00etatik 21:00etara egiaztapen administratiboak egingo dituzte Aitxuri Jatetxean eta Legazpiko industrialdean.
Larunbatean, 08:00etan emango diote hasiera Rallysprint egunari. Ordu horretan egiaztapen administratiboak eta teknikoak egingo dituzte udalaren bulegoetan eta Legazpiko plazan, eta 11:15ean, plazatik aterako dira ibilgailuak Ezkioko Anduaga industrialdean egongo den asistentzia gunera. Azken doikuntzak egingo dizkiete autoei bertan eta erlojupeko lehen zatirako gurpil egokiak aukeratuko dituzte.
Iaz bezala, aurten ere bi txanda egingo dituzte noranzko bakoitzean: goizean Gabiria-Legazpi noranzkoan bi txanda, eta arratsaldean beste bi Legazpi-Gabiria noranzkoan. Goizeko lehenengo txanda eguerdian hasiko da; 12:00etan abiatuko da lehenengo ibilgailua Legazpirantz. Bigarren txanda 13:45ean hastea espero dute. Arratsaldean, berriz, lehen txanda 16:00etan hasiko da; lehen ibilgailuak ordu horretan abiatuko dira Gabiriarantz, eta bigarren txanda 17:45ean hasiko dela aurreikusi dute. Ibilgailuek Legazpiko plazan amaituko dute proba, eta bertan izango da sari banaketa, 20:00ak aldera.
Apalantzarena faborito
120 partaideetatik (pilotu eta kopilotu), 24 goierritarrak dira. Ikusmin handia sortzen du zaletuen artean Gabiria-Legazpi Rallysprintak urtero. Aurten parte hartuko duten 60 taldeen artean, Aitzol Apalantza egungo Euskal Rallysprinteko txapeldunak Olatz San Miguelekin osatzen duen taldea da faboritoa. Skoda Fabia Rsarekin lehiatuko dira, marka txekiarraren azken modeloarekin, alegia.
Irabazteko aukera izan dezaketen beste talde batzuk ere aipatu dituzte antolatzaileek: “Alberto Marcos eta Garazi Beitia BMW M3 batekin. Albertok hainbat aldiz zapaldu du podiuma, baina garaipena falta zaio, eta hori lortzen saiatuko da. Gorka Idigorasek eta bere kopiak, Nerea Campos legazpiarrak, Peugeot 208 Rally4 bat estreinatuko dute, eta laster egokitzea espero dute. Ibon Otaegi eta Leire Odriozola BMW M3 E46 ikusgarri batekin lehiatuko dira, eta errepidea lehor badago, ezustekoa eman dezake. Txus Jaio eta Borja Agirregomezkorta BMW M3-rekin lehiatuko dira. Markinako pilotua, beti ikusgarria, zaleen gogokoenetako bat da eta ziur ikuskizun polita eskainiko duela”. Horiek nabarmendu dituzte, besteak beste.
Iaz Iraitz Olariagak eta Josu Odriozolak irabazi zuten. Oraingo honetan Oihane Uranga kopilotua izango du alboan Olariagak. Citroen Saxi txiki batekin lehiatuko dira, «oraindik bere Honda prest ez duelako». Euria eginez gero, Mitsubishi 4×4 ibilgailuen aukerak azpimarratu dituzte.
Zaleei deia
Leku seguruetan jartzeko eskatu die antolakuntzak zaleei: “Inoiz ez antolatzaileek jartzen dituzten zinta goerrien edo kartelen bidez arriskutsu gisa markatutako lekuetan”. Leku arriskutsuak kurben irteerak, balaztatzeak eta hartxintxarrak ateratzen diren lekuak izaten direla gogorarazi dute. “Eta oso garrantzitsua, inoiz ez ibilbidera irtetea”. Bakoitzaren hondakinak jaso egin behar direla ere gogorarazi dute.

BMW M3 Alpina
-Alberto Marcos (Zumarraga) eta Garazi Beitia (Urretxu).
Mitsubishi EVO VI
-Jon Etxeberria (Legazpi) eta Mireia Saizar (Etxebarria).
Citroen Saxo VTS
-Xabier Mujika (Urretxu) eta Igor Velasco (Legazpi).
-Asier Agirrezabala (Legazpi) eta Guillermo Lasa (Legazpi).
-Josu Lazkanoiturburu (Zerain) eta Liher Miranda (Lazkao).
Renault Clio Sport
-Xabat Goikoetxea (Legazpi) eta Jokin Arratibel (Olaberria).
-Iñaki Sarasola (Ordizia) eta Haritz Usabiaga (Billabona).
BMW 325i 3.0
-Mikel Nazabal (Lazkao) eta Eneko Nazabal (Zaldibia).
BMW E36 3.0
-Aritz Murua (Abaltzisketa) eta Lucia Duran (Zaldibia).
Peugeot 106 S16
-Ibai Mujika (Urretxu) eta Miren Fernandez (Urretxu).
Peugeot 205
-Xiker Ayerza (Oñati) eta Ioritz Garmendia (Lazkao).
BMW 325i E36
-Iban Leanizbarrutia (Berriz) eta Irati Atxa (Zegama).
BMW E36 2.8
-Aitor Rodriguez (Dulantzi) eta LAura Triguero (Beasain).
BMW 328i
-Gaizka Mendizabal (Zaldibia) eta Ekhi Mendizabal (Zaldibia).
Seat Ibiza 2.0
-Eñaut Igartzabal (Gabiria) eta Endika Igartzabal (Gabiria).