«Nire barnean margoak indar handia du»
Arte Ederretako Gradu Amaierako Lana egiten ari da Ane Urtzelai legazpiarra. Lan horri lotuta, «esperimentu gisa», erakusketa irekiko du bihar kultur etxean. 19:00etan da inaugurazioa.

Ane Urtzelai Olabidek (Legazpi, 2003) margolanen erakusketa jarriko du ikusgai bihar Kultur Etxean. Martxoaren 7ra arte egongo da irekita. Azken aldian egiten ari den lanak bilduko ditu, baita instalazio berezi bat ere. Bakarka egiten duen lehen erakusketa da.
Zer dela eta orain erakusketa hau?
Arte Ederrak karrerako Gradu Amaierako Lana egiten ari naiz, eta horren barruan kokatzen da erakusketa, esperimentu gisa. Koadro pila bat dauzkat, eta horiek erakutsiko ditut.
Derrigorrez galdetu beharrekoa da noiz hasi zinen margotzen.
Ez dakit zenbat urte nituen. Ni nintzen gauza guztietarako izena ematen zuen ume bat, eta margoketa aukeratu nuen, beste askok bezala. Ez dakit markatzen hasiera data bat, baina besteek uzten joan ziren bezala, nik jarraitu egin nuen.
Zergatik jarraitu zenuen?
Nik margotzen oso ondo pasatzen nuen, eta orain ere bai. Gainera, lehiaketetan sari dezente irabazten hasi nintzen, eta orduan konturatuko nintzen zerbait banuela. Nik uste dut jarraitzearena natural atera zitzaidala. Eskolaz kanpoko jarduera bezala hasi zen, eta orain arte. Beti gustatu izan zait.
Ikasketak ere mundu horretara bideratu dituzu.
Batxilergo zientifikoa ikasten ari nintzela konturatu nintzen hura ez zela benetan nahi nuena, nahiago nuela arte plastikoen mundua gehiago ezagutu, akademikoki behintzat, eta marrazkiarekin eta pinturarekin zerikusia zuen zerbaitekin egin nahi nuela lan. Horregatik aukeratu nuen Arte Ederrak. Leioan ikasten ari naiz, eta laugarren mailan nago aurten, karrera amaitzeko bidean. Sorkuntza eta Diseinu adarrean nabil, diseinu grafikoa eta ilustrazioa ikasten.
«Nire pintura oso azkarra eta, aldi berean, oso freskoa da»
Baina margoaren bidea hartu duzu.
Arte Ederretan hasi nintzenean ez nuen hain argi izan, baina orain bai, geroz eta argiago dut margotu egin nahi dudala. Aurten konturatu naiz diseinua asko gustatzen zaidala, eta asko ikasi dut gainera, ordenagailuan Adobe edo beste programa eta plataforma batzuk erabiltzen ikasi dut, adibidez. Baina nire barnean margoak indar handia du.
Nolako margoak dira zureak?
Mihisetan margotzen dut, olioarekin, eta brotxa, pintzela eta espatula erabiltzen ditut. Akrilikoa ere erabili izan dut noizbait.
Eta zer margotzen duzu?
Ia bi urtez margotu gabe egon nintzen, eta kostatu zitzaidan horretara itzultzea. Mihise zuriaren aurrean jartzen nintzenean ez nekien zer margotu. Orduan, txikitan margotzen nituen zuhaitzetara itzuli nintzen. Zuhaitz bat margotu nuen lehenik etapa berri honetan, eta gero, paisaiak, eta gero, burutik pasatzen zitzaidana. Orain gehiago nabil irudiarekin esperimentatzen.
Nolakoa da zure estiloa?
Nik uste dut ondo ikusten dela, nire koadroak nahiko koloretsuak direla. Pintzelkadak asko kargatzen ditut, txaplata modukoak geratzen dira. Nik esango nuke nire estiloa inpresionista dela. Ez dakit zehazten, baina nirea pintura oso azkarra eta, aldi berean, oso freskoa da.
«Aitortu behar dut enkarguz eskatutako lanak egitea gehiago kostatzen zaidala»
Azken aldian garaikurrak egin dituzu.
Legazpiko Klasikorako eta San Silvestre lasterketarako egin ditut, enkarguz. Horiek margo zehatzagoa dute, Kale Nagusia eta eraikinak, kirol motiboak… Aitortu behar dut enkarguz eskatutako lanak egitea gehiago kostatzen zaidala.
Klasikoko lehen garaikurrekin, adibidez, nahiko gaizki pasatu nuen. Garaikurrek egonkorrak eta pisutsuak izan behar dute, eta gaiak ere zehatza. Ni egurrarekin eta metalarekin hasi nintzen, horrela irudikatzen nituelako, baina ez ziren ondo geratzen, eta azkenean, euskarri edo egitura bat egin eta margotzea erabaki nuen.
Zurea margotzea da, beraz.
Bai, baina azken aldian esperimentatzen hasi naiz, instalazioak egiten. Erakusketaren inaugurazioan erakutsiko dut bat. Bi koadro handi gela ilun batean sartuko ditut, eta gainean nik egindako animazio bat proiektatuko dut, margoari beste dimentsio bat emateko helburuz. Arte garaikidea da hori, eta horretan ari naiz orain.
Etorkizunerako, zer?
Karrera aurten amaituko dut, eta hasi naiz masterrei begira, seguru asko margoari buruzkoa. Aurretik, Santikutz Klasikorako garaikurrak egin behar ditut.