Entitateei Euskaraldian parte hartzeko deia egin diete
Mota guztietako entitateek dute jada Euskaraldian izena emateko aukera: lantoki, elkarte, denda eta bestelako komertzioek, besteak beste.

Hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko ariketa soziala da Euskaraldia; euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan jardun eta entzuteko ariketa. Euskal Herriko belarriprest eta ahobizi guztiei parte hartzeko deia egiten die Euskaraldiak, baina, herritar horiez gain, entitateek ere badute ariketa horretan zeresana eta zeregina.
Euskaraldia entitateetan nola zabaldu eta landu daitekeen argitu dute gaur San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan. Goiatz Urkijo koordinatzailearen esanetan “jakitun gara oso garrantzitsua dela Euskaraldiak entitateetan duen eraginaz. Eta ez entitateetan bakarrik, bertako kide askorentzat ere entitatea da euskaraz hitz egiteko duten eremu bakarra”.
Entitateak aipatzen direnean askotariko eremuak barnebiltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta denda edo tabernak ere.
Aurrerapausoak emateko proposamena
Eremu horietako ordezkariek izango dute nolako ariketa egin nahi duten hautatzeko aukera. Izan ere, aurten, oinarrizko egitekoak aurrera eramateaz gain, euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera ere izango dute entitateek. Honakoak izango dira entitate batek Euskaraldian parte hartzeko aurrera eraman beharreko oinarrizko egitekoak: kideak Euskaraldian inguruan informatu, prestatu eta ariketa ikusgarri egin.
“Oinarrizko egiteko horiek izango dituzte izena ematen duten entitate guztiek” gaineratu du Goiatz Urkijok. Eta, gainera, lanketa sakonagoa egiteko aukera ere emango zaie izena ematen duten entitate guztiei. Bestelako urratsak ematea aukeratzen dutenei: “Euskararen erabilera sustatzeko aurrerapausoak ematea proposatuko diegu, hala nola, ariguneak sortzea, bilerak euskaraz egiteko neurriak hartzea, mintzatratuak adostea…”, azaldu du Euskaraldiaren koordinatzaileak.
Gaurko agerraldian Irsearaba gizarte ekimenerako kooperatibako Idoia Martinez de Lahidalgak eta Sergio Jimenezek, Luma Baiona euskarazko murgiltze ereduko haurtzaindegiko Patxi Amuletek eta Mikel Erbiti Osasuna futbol klubeko ordezkariek parte hartu dute. Azken horrek modu digitalean hartu du parte.
Entitateen ondoren norbanakoek
Euskaraldian entitate moduan izena emateko epea irekita dago, nahi duena batu dadin ariketara. Euskaraldiko webgunean dago informazio gehiago eta izena emateko aukera: https://euskaraldia.eus/entitateak/
Belarriprest eta ahobiziek izena emateko txanda, berriz, martxoan irekiko da; martxoaren 15etik aurrera izango dute aukera www.euskaraldia.eus webgunean sartuta. Eta Euskaraldia ariketa masiboa, berriz, maiatzaren 15etik 25era egingo dute Euskal Herri osoko milaka lagunek.
Izena ematen duten entitateek egiteko hauek izango dituzte Euskaraldian:
- 1. Informatu. Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita.
- 2. Prestatu. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean.
- 3. Euskaraldia ikusgarri egin. Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…
Euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera
Eta aurreko egiteko horiez gain bestelako pausoak eman nahi dituzten entitateek, lanketa sakonagoa egiteko aukera baliatu dezakete izena eman ostean. Hori aukeratuta, koordinazio orokorretik baliabideak eskainiko zaizkie aparteko lanketak egiteko, besteak beste:
- Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
- Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
- Mintzodromoak antolatzea; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko
- Mintzatratuak adostea entitateko kideen artean
- Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko
….
Azken lanketa horiek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.