Euskal Herriko mus txapelketako kanporaketa bihar iluntzean jokatuko da Mutiloan

Euskal Herriko 16. mus txapelketako Mutiloako kanporaketa jokatuko da bihar iluntzean (22:00) Txerri Gorri elkartean. Izen ematea ordu erdi lehenago zabalduko da eta bikoteko 20 euro ordaindu beharko da.
Lau erregetara jokatuko da kanporaketa, partida bakoitza sei hamarrekotako hiru jokoz eta ustelez osatuta egongo delarik. Sariak egongo dira lehenengo bi sailkatuentzat; arkumea eta ondutako 2 ardo botila batetik, eta Errigorako saskia, bestetik. Biak Mutiloako Udalaren eskutik.
Herrialdeko kanporaketarako sailkapena bikote parte hartzaileen kopuruaren arabera zehaztuko da. Gipuzkoako kanporaketa Itsasondon jokatuko da martxoaren 22an.