Gazteen Dantza Topaketa Seguran egingo dute ekainaren 27tik 29ra
Euskal Herri osoko dantzari gazteak bilduko ditu ekimenak. Parte hartzeko izen ematea otsailaren 24an irekiko da. Euskal dantza tradizionalaren etorkizuna bermatzeko helburua du topaketak.

Euskal Dantzarien Biltzarrak (EDB) antolatzen duen Gazteen Dantza Topaketaren hirugarren edizioa Seguran ospatuko da aurten. Euskal Herri osoko dantzariak bilduko dira Seguran ekainaren 27tik 29ra eta parte hartzeko izen ematea otsailaren 24tik martxoaren 21era egongo da irekita gazteedantzatopaketa.eus web gunean. Topaketa dantza tradizionalaren belaunaldien arteko erreleboaz hausnartzeko espazioa izango da; baita komunitate sentimendua indartzeko bitartekoa ere.
Gazteak dantza taldeetan mantentzeko eta dantza taldeetara gazte gehiago erakartzeko helburuarekin antolatzen dute topaketa; «dantza taldeetan haur asko eta heldu asko dago orokorrean, baina gazteak, nerabezarora iristean dantza taldeak uzten dituzte», azaldu du Erika Garcia EDBko koordinatzaileak. Gainera, lurralde ezberdinetako dantzari gazteak elkar ezagutzeko baliagarria izango da, era berean dantzaz gozatzeko eta tradizioa modu ludikoan bizitzeko espazioa ere eskainiko du, parte hartzaileen inplikazioa sustatuz.
Segura eta dantza
Topaketa 15 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta aurretik Araian (Araba) —2023an— eta Areatzan (Bizkaia) 2024an— egin dituzte. Ehundik gora dantzari bildu dituzte aurreko edizioek eta Seguran ere parte hartzaile kopurua mantentzea edo handitzea da helburua. Segura herri txikia izanik, topaketa arrakastaz antolatzeko baldintza guztiak betetzen dituela adierazi du Garciak. Segurako Udalaren laguntzaz frontoian hartuko dute ostatu parte hartzaileek.
Topaketak dantzaz gozatzeko aukera emateaz gain, bestelako ekintzak ere antolatuko dituzte sanpedrotako asteburuan. Mendi irteera egiteko aukera izango dute, Segurako kaleetan zehar dantza kalejira bat ere egingo dute eta herriko plazan dantza desafioaren erronka izango dute. Mutiloako San Pedro jaietako erromerian ere parte hartuko dute ekainaren 28ko iluntzean. Hausnarketari ere garrantzia berezia emango diote eta dinamika ezberdinetan landuko dituzte adibidez, gazteek dantza taldeetan dituzten erronkak, haien ikuspegia eta ekarpenak balioetsiz.
Aurkezpen ekitaldia
Apirilaren 5ean, III. Gazteen Dantza Topaketaren aurkezpen ekitaldia (12:00) egingo dute Seguran. Aurkezpen ekitaldiaren aurretik (10:00), iazko edizioan sortu ziren lau dantza talderen bizipenak jasoko dituzte mahai inguru batean «dantza taldeetan praktikan jartzeko hainbat jarraibide adostu zituzten iaz; elkarlanean ari gara haiekin eta balorazio moduko bat egingo dugu», azaldu du Garciak. Ekitaldiari amaiera emateko dantzaldia egingo dute Segurako plazan.