Koop57 Euskal Herriaren ez-ohiko batzarra, Biziolan
Kooperatibaren aurkezpenaz gain, Argiola, Hitzar eta Goiener taldeetako kideek solasaldia egingo dute.

Koop57 Euskal Herriak ezohiko batzarra egingo du gaur Lazkaoko Biziolan. 18:30ean elkartuko dira bertan, eta kooperatibaren aurkezpena egiteaz gain, 2025 urte berrirako erronkak zeintzuk diren eta horiek lortzeko garatuko duten plangintzaren berri emango dute. Ondoren, 19:30ean, Argiola, Hitzar eta Goiener enpresetako bazkideen arteko solasaldi irekia egongo dute, bertako bazkide diren zein ez direnentzat irekia izango dena, eta amaitzeko, berriz, inguruko ekoizleen jaki goxoekin prestaturiko mokadutxo batekin emango diote bukaera.
Tresna eraginkorra garatzea
Argiola eta Hitzar energiaren komunitateei dagokienez, normalean diru-laguntzak esleitzen zaizkien arren, kooperatibak azpimarratu du diru-laguntza horiek ez direla beti instalazioak egin behar dituzten unean iristen, hau da, inbertsio handiak egin behar dituztenean. Horregatik, askotan maileguak bilatzea beharrezkoa izan ohi da beraientzat. Zentzu horretan, garrantzitsua ikusten du «une horietan lagungarri izan daitekeen tresna eraginkor bat izatea», eta horretarako apustu politikoa egitea.
Goienerren kasua ezberdina izan arren, energia sektorea maiz «oso aldakorra» denez, momentu jakin batzuetan ere politikoki apustu hori egitea «beharrezkoa» da. Hala, besteak beste, Koop57k inguruko eragileekin izango duen papera zein izango den finkatzeaz gain, esparru berdinetan dauden eragile desberdinetara egokitzeko taktikak emango dira.
Ekonomia eraldatzea xede
Kooperatibak helburu nagusitzat ekonomia eta gizartea eraldatzea hartuta, bitartekaritza finantzarioaren bidez ekonomia sozial eta eraldatzailea oinarri duten proiektuak finantzatzen ditu. Entitate horiek, besteak beste okupazioa, kooperatibismoa, asoziazionismoa eta, orokorrean, solidaritatea eta iraunkortasuna bermatzen duten proiektuak sustatu behar dituzte, elkartasun printzipioak eta printzipio etikoak oinarri.
Informazio gehiago behar duenak 622 572 797 zenbakira dei dezake edo kaixo@koop57.eus posta elektronikoko helbidera idatzi.