Megalitoei buruzko erakusketa Zegaman ikusgai

Anduetza parketxeak Megalitoak. Eremu sakratu eta lurralde erreferenteak erakusketa irekiko du otsailaren 22an. Aurretik, Ataungo Barandiaran museoan egon da erakusketa eta martxoaren 23ra arte egongo da ikusgai Zegaman.
Megalitoak lehenengo adierazpen arkitektonikoak dira, eta mendebaldeko Pirinioetan gertatu ziren aldaketak islatzen dituzte, zehazki euskal mendietan, non emakume eta gizon taldeek natura etxekotzen ikasi zuten, eta lehenengo aldiz paisaia eraldatu zuten nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiapenen eta lurralde antolamenduaren bitartez. Aire zabaleko egonlekuak, laborantzarako eremuak, abeltzaintza zonak, basoak, eta nagusiki, inguru naturalean ezarri zituzten monumentu megalitikoak.
Erakusketan V. milurtekoaren azken herenaren eta gure aroaren aurreko I. milurtekoaren amaieraren arteko aldia jorratzen da, garai horretan eraiki baitzituzten megalitoak. Aldi berean, erakusketak trikuharrien, menhirren, harrespilen eta tumuluen forma arkitektonikoak erakusten ditu, horien neurriak azaltzen ditu eta zertarako eraiki ziren erakusten du: lurperatzeko eta errituak egiteko lekuak ziren, eta espazioaren okupazioaren erreferenteak dira, beste batzuen artean.
Bisitariek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan dauden mota horietako 1.000 monumentu baino gehiago, klima aldaketen ondorioak eta aldi horretan gertatu ziren paisaiaren eraldaketak deskubritu ahal izango dituzte, baita XIX. eta XX. mendeetako ikertzaile aitzindarien lana ere.
Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoak sustatu, koordinatu eta ekoiztu du eta Juan Carlos López Quintanak (Agiri Arkeologia Elkarteko ikertzaileak), Jose Antonio Mujikak (UPV/EHUko historiaurreko irakasleak eta Jose Miguel Barandiaran katedraren zuzendariak) eta Javier Fernández Erasok (UPV/EHUko katedradunak) komisariatu eta dokumentatu dute.