Segurako pilota eskolak Pilota Eguna antolatu du iganderako, laugarrenez
Goizean pilota eskolako ikasleen eta gurasoen arteko jolasak egingo dituzte. Arratsaldean, Ados pilota elkarteak antolatutako Binakako txapelketako lehen mailako partida jokatuko da Baratzen.

Segura Kirol elkarteko pilota sailak Pilota Eguna antolatu du laugarren urtez. Aurtengoa igande honetan ospatuko dute eta pilotari profesionalen partidaz gain, herriko pilotari gazteek pilota eskolan ikasitakoa gertutik ikusteko aukera izango da Baratze pilotalekuan. Josu Agirre Segurako pilota saileko kideak esan duenez, «pilotari gazteek entrenamenduetan egiten dituzten jolasak eta ariketak gurasoei erakustea da asmoa, batetik; eta bestetik, herriari ikusi araztea badabiltzala haurrak Segurako pilota eskolan».
Gaur egun 40 bat haur dabiltza Segurako pilota eskolan, «haurren mailatik kimuen mailara arte», pilota saileko kideak adierazitakoaren arabera.
Egun osoko egitaraua
Goizean emango diote hasiera egunari igandean. 11:00etan pilota eskolako ikasleentzako eta gurasoentzako jolasak antolatu dituzte hasteko. Ondoren, pilotarientzako bazkaria izango da 14:00etan Danon Gelan. Arratsaldean, berriz, Ados pilota elkarteak antolatutako Binakako txapelketako lehen mailako partida jokatuko da 18:00etatik aurrera Arrieta-Galeano eta Barrokal-Arrastiaren aurka. Abenduan Olaberrian ekin zioten emakume pilotari profesionalen Binakako txapelketari eta finala Iruñeako Labrit pilotalekuan jokatuko da martxoaren 29an. Tartean, 25 herritan jokatuko dituzte kanporaketak; Seguran kasu.