Emotio abesbatzak 'Magnificat' obra dakar elizara
Oiasso Kamerata, Saez Puente organista eta Borja Rubiños pianista izango dituzte lagun Ordizian. Kim Andre Arnesen norvegiarraren obra da, emakumezko abesbatzentzat idatzia.

Emakumezkoen ahotsez osatutako Ordiziako Emotio abesbatzak ikuskizun berezia prestatu du biharko. Kim Andre Arnesen norvegiarrak konposatutako Magnificat obra eskainiko dute Ordiziako parrokian, 20:15ean. Dohainik da.
Emotioko 24 emakumeak ez dira bakarrik arituko Debora Herrero Soldevilla zuzendariak jakinarazi duenez. «Beste bost emakume abeslari etorriko dira errefortzu gisa».
Bestetik, musika instrumentuak ere lagun izango dituzte. Batetik, Irungo Oiasso Kamerata haizezko orkestra Tomas Rutinelek zuzendua; eta bestetik, Borja Rubiños piano jotzailea eta Alberto Saez Puente organo jotzailea. Guztiak Herreroren zuzendaritzapean ariko dira. Urtebeteko lanaren emaitza da larunbatean entzun eta ikusiko dena. 45 minutuko iraupena izango du.
Obra famatua
Musikagile garaikidea da Arnesen (1980), Trondheimeko Nidaros katedraleko abesbatzako kidea, eta 2014an Nidaros katedraleko emakumezko taldeari idatzitako obra da Magnificat. «Bertako zuzendari Anitari eta emakumezkoen taldeari eskainitakoa. Oso obra famatua izan zen estreinatu zenean. Oso kritika onak jaso zituen. Pentsa, Grammyetarako ere izendatuta egon zen, ‘Obra inguratzailerik onenaren’ atalean».
«Oso obra famatua izan zen estreinatu zenean. Oso kritika onak jaso zituen. Pentsa, Grammyetarako ere izendatuta egon zen»
Debora Herrero. Emotio abesbatzaren zuzendaria
Herrerok nabarmendu duenez, «izugarrizko arrakasta izan du eta bertsio desberdinak egin dira abesbatza mistoentzat. Baina originala, katedraleko nesken abesbatzan pentsatua dago».
Zazpi atal
Zazpi abesti edo zati ditu Magnificat obrak. Latinez da. «Magnificat pasarte bibliko batean oinarrituta dago, non Mariak jasotzen du Gabriel aingeruaren ahotik, bera aukeratua izan dela Jainkoaren zerbitzari guztien artean, salbatzailea edo Jesus sortzeko». Arnesenen kantua, «eskertza» kantua da. «Mariak Magnificat-en zehar, emozio desberdinak kantatzen edo islatzen ditu. Eskertza Jainkoa beregan fijatu delako, belaunaldi desberdinetan berari buruz hitz egingo delako, horrelako pertsona umil eta pobre batean fijatu izanagatik….». Zazpi abestietako bakoitzak, emozio edo berezko izaera bat dauka: «Sorpresa, debozioa, eskertza, poztasuna, umiltasuna, esperantza eta errukia. Musika klasikoa entzutera ohituta ez dagoenari ere gustatzen zaio. Ematen du pelikula bateko banda sonora dela. Oso polita da»