«Komunikazioa da gizakiak inoiz sortu duen asmakizunik handiena»
Joseina Etxeberria irrati esatariak bizitza osoa darama musikaren inguruan lanean. Gaztea irrati katearen aitzindaria izan zen, eta irratsaio ugaritan ibili ondoren, orain Euskadi Irratiko 'Kantu kontari' saioa aurkezten du.

Elkarrizketa hau Gipuzkoako Hitzak argitaratu du.
Musika da Joseina Etxeberria irrati esatariaren (Ataun, 1968) bizitzaren «ardatza». 30 urte daramatza musikari lotuta lanean. Irrati eta telebistako hainbat musika programa aurkeztu ditu, eta gaur egun Euskadi Irratiko Kantu Kontari saioan ari da, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 16:00etara. Gaztaroan irratia «gutxi» entzuten bazuen ere, Etxeberriak dio «aurkikuntza» izan zela gero, eta pasiotzat du orain. Esan du irratia asko aldatu dela lanean hasi zenetik; batez ere, irratia aditzeko ohitura.
Nolakoak izan ziren zure hastapenak irratian?
Bilbon Kazetaritza ikasten ari nintzela, nire gelakide batzuk hango irrati libre batzuetan aritzen ziren: Bilboko San Ignazio auzoko Gramola irratian eta Gran Via kalean zegoen Txomin Barullon. Kideak berehala konturatu ziren sekulakoa zela musikarekiko neukan afizioa, eta galdetu zidaten ea kolaboratu nahi nuen irrati horietan. Horrela hasi nintzen irratian, eta programa desberdinak egiten. Aurrerago, 1989ko Eguberrietan, amak esan zidan Euskadi Irratian musika saio bat aurkezteko jende gaztearen bila ari zirela. Nik 21 urte neuzkan orduan. Deitu nuen, proba batzuk egin zizkidaten eta hartu egin ninduten. 1990etik aurrera Euskadi Gaztean hasi nintzen lanean, orain Gaztea den irrati katean. 28 denboraldi egin nituen han; 1989-1990 denboraldian hasi eta 2017kora arte. Orain dela zortzi urtetik Euskadi Irratian nabil musika saioak egiten.
Irratiaz gain, beste proiektu batzuetan ere aritu zara; ETBn, esaterako.
Bizitza osoa daramat musikarekin lotutako programak egiten, eta prentsan ere zerbait idatzi izan dut. Garai batean, inguruko jendea hasi zitzaidan esaten urteak zirela ETBk ez zuela musikari buruzko saiorik egin eta ona litzatekeela zerbait sortzea. Orduan Joxemari Otermin zen ETBko programa arduraduna, eta proposatu nion zerbait sortzea. Erantzun zidan ekonomikoki oso garestia ez zen programa bat proposatzeko, eta, gustatuz gero, saiatuko zela tarte bat egiten. Hainbat lekutan galdezka ibili ondotik, grabatutako kontzertu sail bat lortu genuen, telebistarako prestatutakoak. Horiek jaso, eta hamar programa egin genituen. Hamar saio horiek emanda, beste programa bat emititu behar zuten, baina arazo bat izan zuten programa horrekin, eta beste saio bat egiteko eskatu ziguten. Ez geneukan ezer prestatuta, baina lortu genuen sortzea ordura arte emandako kontzertu guztien zatiekin. Gainerako saioek baino harrera hobea izan zuen hamaikagarren horrek. Zuzendaritzak jarraitzeko esan zigun, eta, hala, urteak egin genituen musikarekin lotutako programak aurkezten; Eklipsea izan zen horietako bat. Bestelako lan batzuk ere egin ditut, baina, betiere, musikaren inguruan.
«Irratsaioak ondo prestatzea ezinbestekoa da, beste aldean dauden entzuleekin gauzak ondo egiteko erantzukizuna daukagulako»
Irrati esatari moduan, zerk asebetetzen zaitu gehien?
Niretzat irratia benetako aurkikuntza bat izan da. Bertan hasi aurretik ez nintzen irrati entzulea, musika entzulea baizik. Disko eta kasete bidez entzuten nuen musika. Irratian noizbait adituko nuen musika, baina, normalki, diskoetan. Gero, irrati libreetan lanean hasi nintzenean, ate bat ireki zitzaidan. Handik Gazteara joan nintzenean deskubritu nuen zer den irratia egitea. Nire benetako pasioa piztu zitzaidan. Guk orduan egiten genuen irrati mota autokontrola zen, hau da, norberak egin behar zituen aurkezpenak, norberak jarri diskoak, telefono deiak hartu… Norberak eramaten zuen aurkezpen eta kontrol rola. Niretzat motorrean joatearen antzeko zerbait zen: abiadura handian zoaz, eta, gauzak ondo lotzen dituzunean, sekulako adrenalina eta satisfazioa ematen dizu. Irratiak asko asebete izan nau beti.
Irrati esataria izateko zein dira funtsezko trebetasunak?
Niretzako, irrati esatari on bat izatea da gela txiki baten barruan dagoen pertsona bat gai izatea denbora tarte bateko hutsunea ondo osatzeko. Gela horretatik kilometroetara dauden entzuleei modu interesgarrian helarazi behar die mezua, bere ahotsa erabiliz, musika sartuz, telefono deiak hartuz eta zati grabatuak erabiliz. Nire ustez, hor dago artearen eta komunikazioaren miraria. Komunikazioa da gizakiak inoiz sortu duen asmakizunik handiena; ez gurpila, ez sua eta ez beste ezer, baizik eta komunikazioa. Benetako artea da elkarren artean kilometroetara dauden pertsonen arteko lotura egitea. Jendeak esango du irrati esatari ona izateko ezinbestekoak direla sekulako nortasuna izatea eta hizkuntza menderatzea, baina esango nuke horiek bigarren mailako elementuak direla. Noski, osagai denak betetzen badituzu, oraindik eta hobeto, baina garrantzitsuena da entzulearekin nolabaiteko konexioa lortzea.
Konexioa lortzeko, nola prestatzen dituzu irratsaioak?
Irratsaioak ondo prestatzea ezinbestekoa da, beste aldean dauden entzuleekin gauzak ondo egiteko erantzukizuna daukagulako. Orain zuzeneko ordubeteko saio bat egiten ari naiz, beste programa batzuetako kolaborazioez gain. Egunean zazpi ordu eta erdiko lan ordutegia daukat. Ordubete egiten dut zuzenean, eta gainerako denbora guztia ordu horretan esan behar dudana prestatzen pasatzen dut. Ez hori bakarrik; egun osoan dauzkadan ordu libreetan ere hurrengo eguneko kantuak aukeratzen aritzen naiz: gauzak begiratzen, jendearekin hitz egiten, informatzen… Erredakzioan egundoko lana egin behar da, saio on bat eskaintzeko gauza asko prestatu behar direlako. Akatsak saihesteko funtsezkoa da ondo informatzea, eta, horretarako, ordu asko sartu behar dira gauzak irakurtzen eta begiratzen. Horretaz gain, garrantzitsua da entzuleenganako gertutasuna erakustea eta haiek entzutea.

Joseina Etxeberriak 30 urte daramatza irrati esatari gisa, eta hamaika lagun elkarrizketatu ditu. Irudian, Mikel Apaolaza eta Etxeberria Euskadi Gaztea kateko ‘Are Gazteago’ saioan, 2006an, Donostiako Miramongo estudioan.Ion Muñoa
Hasi zinenetik orain arte, asko aldatu al da irratian lan egiteko modua?
Bai, izugarri. Garai batean zaintzen ez genituen hainbat faktore zaindu behar ditugu orain. Nik, adibidez, programa bat aurkeztu behar dudanean, badakit hainbat kantu euskaraz jarri behar ditudala, genero aldetik oreka bat egon behar dela, baita musika berri eta zaharren artean ere. Faktore horiek kontuan hartuta osatu behar izaten dut programa.
Streaming plataformak eta adimen artifiziala direla eta, nola ikusten duzu irratiaren etorkizuna?
Garaietara egokitzen asmatu behar dugu. Ni sasoi batean telebista ikuslea nintzen, eta irrati entzulea ez hainbeste. Orduan telebista erdi ahalguztiduna zen, sekulako boterea zeukan, baina urte gutxian hori guztia haizea hartzera joan da. Egunkariekin ere gauza bera gertatu da: gaur egun oso jende gutxik erosten ditu papereko egunkariak. Hala ere, jendeak jarraitzen du egunkariak irakurtzen eta irratia entzuten. Horiek kontsumitzeko modua aldatu da. Garai batean irratia egun osoan egoten zen jarrita, eta momentuan tokatzen zena entzuten zuen jendeak. Gaur egun, ordea, bakoitzak interesatzen zaiona entzuten du, eta nahi duen momentuan. Nik hori ondo ikusten dut, baina egundoko garrantzia ematen diot interesatzen zaigun hori bakarrik ez entzuteari.
«Garai batean irratia egun osoan egoten zen jarrita, eta momentuan tokatzen zena entzuten zuen jendeak. Gaur egun, bakoitzak interesatzen zaiona entzuten du, eta nahi duen momentuan»
Zergatik?
Bestela, oso herren gelditzeko arriskua dagoelako. Irratia bere osotasunean entzuten ari bazara, askoz ere pertsona jantziagoa izango zara. Musika plataformetako algoritmoek norberak entzuten duen musikaren araberako abestiak proposatzen dituzte, eta horrek ez du ezertarako balio. Oso garrantzitsua da gauza berriak ezagutzeko prest egotea.
Beraz, musika entzuteko modua ere aldatu dela esango zenuke?
Bai, dudarik gabe. Guk garai batean diskoak erosi egiten genituen, eta orain plataformetan entzuten dugu musika. Gainera, kantu bakoitzari oso segundo gutxiko tartea ematen diogu. Entzuten hasi eta abestia ez bazaigu gustatzen, pasatu egiten dugu, eta ez da ezer gertatzen. Garai batean, diskoak erosten dirua gastatzen genuen, eta orduan haizea hartzera botatzeak min handiagoa ematen zigun. Orduan, lehenengoan gustatu ez arren, beste aukera bat ematen genion, eta, azkenerako, gustatu egiten zitzaigun. Geure burua harritzen genuen, eta hala deskubritzen genituen gauza berriak. Askotan beharrezkoa da gauzei aukera bat baino gehiago ematea; izan ere, musika ez da aldatzen, norbera baizik. Hasieran zerbait ez gustatzea eta ondoren gustatzea, bide horretan norbera aldatzen eta aberasten da.
Gustuko duzun abeslari bat? Ezin dut bakarra esan. Van Morrison, Robert Smith eta Joey Ramone esango dizkizut.
Euskal abeslari bat? Itoiz taldeko Juan Carlos Perez.
Musika talde bat? Azkenaldian asko entzuten ari naiz Father John Misty taldea. Royel Otis ere asko gustatzen zait.