Plazako eraikinaren 100. urteurrenari keinua egingo diote Ahoz Aho Jaialdian
Gaur aurkeztu dute Tolosan 18. Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia. 30 artista inguruk parte hartuko dute aurten.

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren 18. edizioa izango da aurten. Jaialdiaren zutabe nagusiak Tolosa eta Ordizia badira ere, guztira 18 herritan izango dira ekitaldiak, eta 30 artista inguruk parte hartuko dute. Ordiziako Azoka hartzen duen plazako eraikinaren 100. urteurrena dela eta, keinu bat egingo diote urtemugari.
Gaur egin dute jaialdiaren aurkezpena Tolosan. May Gorostiaga jaialdiaren koordinatzaileak azaldu duenez, “ekitaldi txiki bat izaten hasi zena, pixkanaka gorpuzten eta hazten” joan da, “jaialdi potente bat” bihurtu arte. “Euskal Herrian ez ezik, estatuan eta Europa mailan erreferente” izatea lortu baitu. Tolosako eta Ordiziako udalen laguntza ere eskertu du, “babes hori gabe hau ez bailitzateke posible izango”.
Ordiziako Azoka hartzen duen plazako eraikinari lotuta, Gorostiagak azaldu du “emanaldi berezi bat” egingo dutela: “Sei kontalari ibiliko dira herriko kaleetan zehar, horietako hiru ordiziarrak izango dira, gainera”.
Gaur ama hizkuntzen munduko eguna dela gogorarazi du Goiuri Ezeiza Tolosako kultur zinegotziak, eta hizkuntzen transmisioan ahozkotasunak duen garrantzia azpimarratu du. Adur Ezenarro alkateak, ildo beretik, Ahoz Aho Jaialdiak sustraiekin errotzeko duen ahalmena nabarmendu du: “Gure ama hizkuntza den euskarak iraganarekin asko lotzen gaitu, eta horren erakusgarri dira jaialdi honetan sortzen diren harreman hauek, mundu zabaletik Euskal Herrira datozkigun hainbat artista ditugu eta uste dut garrantzitsua dela gure ikusmira hori ere zabaltzea, eta guretik dakarkigun historia guztiarekin uztartzea, aurrera jarraitzea eta aberastea”.
Ordizian izango da Ipuin Narrazio Lehiaketaren 13. edizioa. Alkateak parte hartzeko deia zabaldu du: “Jauzi polita izaten da herritarrek pauso hori eman eta eskenatokira igotzea eta beraien narrazioak eta ipuinak kontatzea, eta azkenean, ahozkotasunaren tradizio horrekin jarraitzea”. Martxoaren 15ean 19:00etan izango da lehiaketaren lehen saioa, Ordiziako D’Elikatuz zentroan. Handik, hiru kontalari sailkatuko dira Ahozkotasunaren Galan apirilaren 4an (19:00, D’elikatuz) egingo den finalera.
Narratzaile berriei begira, formazioaren garrantzia izan du hizpide Maider Alcelay kontalariak. Bera ere Narrazio Lehiaketan hasitako artistetako bat da. Jaialdiaren barruan, hainbat ikastaro antolatu dituzte. Abaltzisketan ikastaroa egiten ari diren ikasleek martxoaren 10ean saioa eskainiko dute Abaltzisketan bertan, eta helduei begira, Quico Cavabal galizarrak saio intentsibo bat egingo du, martxoaren 16an, Bidania-Goiatzen.
Euskal Herrikoak zein nazioartekoak
Parte hartuko duten 30 artistetatik hamar Euskal Herritik kanpokoak dira. Horietako batzuk dira Quico Cavabal (Galiza), Celeste Abba (Argentina), Patricia McGill (Urugai), Carles Garcia Domingo (Errioxa), Nico Lubo (Kolonbia), Eva Andujar (Valentzia), Zoa Tamara Cuellar (Nikaragua), Tarana Karim (Azerbaian) eta Cardelina (Gaztela eta Leon).
Euskal Kontalarien Topaketa apirilaren 5ean izango da, jaialdiari itxiera emateko. Kalabaza Sarietako bat Yolanda Arrieta kontalari eta idazleak jasoko du, eta beste biak sorpresa izango dira.
Ordizian egingo dituzten jarduerak
- Martxoak 15: 13. Ipuin Narrazio Lehiaketa, 19:00etan, D’elikatuzen.
- Martxoak 22: ‘Ordiziako plazak 100 urte’. Plaza Nagusian eta Garagartza plazan, 18:00etan.
- Martxoak 25: Ixabel Agirresarobe Jakintza Ikastolan, 10:00etan.
- Martxoak 26: Larraitz Urruzola Urdaneta ikastetxean, 10:00etan.
- Martxoak 27: Nico Luibo eta Amaia Elizagoien D’elikatuzen, 17:30ean.
- Apirilak 2: Amaia Egidazu, Barrena Jauregian, 17:30ean.
- Apirilak 4: Ahozkotasunaren Gala Nagusia eta 13. Ipuin Narrazio Lehiaketako finala, D’elikatuzen, 19:00etan.