Romeroren ‘Zorraren Z’ erakusketa zabaldu dute Zumalakarregin
Historiak aintzat hartu ez dituen edo baztertuak izan diren hamalau kolektibo edo kontzeptu ditu protagonista. Ekainaren 1era arte egongo da ikusgai. Astearte eta ostegunetan bisita gidatuak eskainiko dituzte.

Pedro G. Romero artista andaluziarraren Zorraren Z erakusketaren inaugurazio ekitaldia egin ddute gaur goizean Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Erakusketa hau museoak iaz martxan jarritako Artxibo praktikak proiektuaren lehendabiziko emaitza da. Proiektuaren bitartez, XIX. mendeko gertakariak arte plastikoen begiradatik berrinterpretatzea eta zabaltzea bilatzen da. Aldi baterako erakusketa gaurtik, ekainaren 1era egongo da ikusgai Zumalakarregin .
Gaur goizeko irekiera ekitaldian Pedro G. Romero artistak berak, Ana Priede Gipuzkoako Foru Aldundiko Nazioarteko Lankidetzarako zuzendariak eta Mikel Alberdi museoko artxibozainak parte hartu dute.
Alberdik ireki du hizketaldia. Erakusketa hau Zumalakarregin edukitzea “pribilegio handia” dela esan du eta Romerok urte betez egindako lanaren emaitza goraipatu du. Artistaren balioa azpimarratzeko, Romerok 2024an Espainiako arte plastikoen sari nagusia jaso duela ere gogorarazi du. Iaz jarri zuen martxan museoak Artxibo praktikak izeneko proiektua, museoan gordetzen diren artxiboak kultura garaikidean adituak diren sortzaileen eskura jarri eta XIX. mendeko gertakarien gainean “historialariez gaindiko irakurketa bat” egiteko helburuarekin. Proiektuak jarraipena izango du eta Maialen Lujanbio bertsolaria eta Xabier Erkizia musikagile, komunikatzaile eta dokumentalen egilea izango dira hurrengo gonbidatuak 2025ean eta 2026an, hurrenez hurren.
Ezkutuan geratutako kolektiboak
Zumalakarregi museoko artxiboan “ezkutuan, bazterrean edo historiak aintzat hartu ez dituen 14 kolektibo edo kontzeptutan” jarri du begirada Romerok. “Flamenkoak, ijitoak, kinkallerak, bandoleroak, prostitutak… dira museoko artxiboetan arakatu ditudanak”, zerrendatu ditu egileak. Erakusketa kolektibo hauen testingantza jasotzen duten panelez eta hainbat proiekzioz osatzen da: “Fete espagnole (1920), Cronica de la gerra carlista (1988) eta Pour Don Carlos (1920)”, besteak beste.
Romerok Zumalakarregirekin duen harremana “aspaldikoa” dela azpimarratu du, “1997an izan nuen lehenengoz museoa bisitatzeko aukera. Bertako artxiboa aztertzeko aukera izan nuen, eta oraindik gaur egun ere erabiltzen dudan material mordoa eraman nuen”, esan du.
Priedek Romeroren lanaren balioa azpimarratu du eta horrelako proiektuak “Gipuzkoan daukagun ondarea balioan jartzeko” baliagarriak direla azpimarratu du. Erakusketa ekainaren 1era arte egongo da ikusgai. Gainera, astearte eta ostegunetan, 11:00etan bisita gidatuak ere eskainiko dituzte.