Abiadurak hartu du Gabiria eta Legazpi arteko errepidea
Martxan da 27. Gabiria-Legazpi Rallysprinta, euskal automobilismo denboraldiko aurreneko proba. Legazpiko plazan egingo dute sari banaketa, 20:00ak aldera.

Motor hotsak entzuten ari dira gaurkoan Gabiria eta Legazpi arteko errepidean. Bosteko eskuderiak antolatuta, abian da 27. Gabiria-Legazpi Rallysprinta, euskal automobilismo denboraldiko aurreneko proba. Urtero ikusmin handia sortzen duen ekimena da gaurkoa, eta eguraldia lagun, ikusleak han-hemen dabiltza, bazterreko altuerak aprobetxatuta, ikuskizunaz gozatzen.
Goizean, 12:00etan hasi dira, eta Gabiriatik Legazpira arteko bi erlojupeko egin dituzte 60 pilotu-kopilotuek; arratsaldean, berriz, 16:00etan eta 17:45ean hasi dituzte kontrako noranzkoan, Legazpitik Gabiriara. Aurtengoan, 120 partaideetatik, 24 goierritarrak dira, eta emakumeen presentzia ere gero eta handiagoa da proba honetan.
Ibilgailuek Legazpiko plazan amaituko dute proba, eta bertan izango da sari banaketa, 20:00ak aldera.