Martxan da Sahararen aldeko asteburua Ormaiztegin
Sahararen aldeko kontzertuak egin zituzten bart, Zubipe frontoian. Igandeko herri krosarekin emango diote amaiera ekimenari.

Sahararen aldeko asteburuari hasiera eman diote Ormaiztegin. Kontzertuak egin zituzten bart gauean Zubipe Frontoian, eta besteen artean, Xabi Solano, Ines Osinaga, Mugan, Bele, Oilar Beltzak eta Postal Kolekzionistak taldeek jo zuten. Jende andana hurbildu zen kontzertuez gozatzera.
Igandean egingo duten herri krosarekin emango diote amaiera Sahararen aldeko ekimenari. 16. edizioa izango da aurtengoa, eta ohi bezala bi lasterketa izango dira: 10:00etan hasita haur eta gaztetxoena -parte hartzeko izena egunean bertan eman beharko dute 8:45etik 9:45era plazan- eta 11:00etan, helduena. Helduen mailan luzera ezberdineko bi lasterketa egiteko aukera egongo da, 5 kilometrokoa bata eta 10 kilometrokoa bestea. Igandean bertan ere egongo da izena emateko aukera, 8:45etik 10:20ra bitartean, plazan.
Jasotako diruaren zati bat Saharako elkartasun proiektuetarako bideratuko dute.