Gazteak, taldearen arima
Segurako Historia Oroituz antzerki taldeak ‘Orreagatik iragan hurbilera’ antzerki obraren birari amaiera emango dio larunbat honetan Ataunen egingo duen emanaldiarekin.

Bi bira, 14 emanaldi, Iruñeko Erresuma sortu zeneko hamabigarren mendeurrenaren ospakizuna eta zenbakitan konta ezin ahala bizipen. Guzti hori eta askoz gehiago utzi die Segurako Historia Oroituz antzerki taldeko kideei Orreagatik iragan hurbilera antzezlanak. Etapa bati amaiera emango diote larunbat honetan Ataunen, antzezlanaren hamabosgarren eta azken emanaldiarekin. Historia Oroituzek taldeko kide gazteenen lana nabarmendu eta balioa eman nahi diote amaitu aurretik.
2022ko urrian estreinatu zuten Seguran; aurretik sortutako lanekin bezala, antzerkiaren bitartez Euskal Herriko historia ikusleei gerturatzeko asmoz. «Uste nuen gai honek merezi zuela taularatzea oso gertakari esanguratsua eta garrantzitsua izan zelako euskaldunontzako eta beharrezkoa zaigulako Orreagan gertatu zena ezagutzea», azpimarratu du Lourdes Imaz taldeko gidoilari eta zuzendariak. Bi etapatan bereizi du antzezlanak egindako ibilbidea. 2022-23 denboraldikoa bata, zazpi emanaldirekin eta 2024-25ekoa bestea; . «2024an Iruñeko erresuma sortu zeneko hamabigarren mendeurrena ospatzen zela eta, beste emanaldi sorta bat prestatu genuen Nabarralde Fundazioarekin batera». Larunbatean izango da azkena ikusteko aukera Ataungo herri antzokian, 19:00etatik aurrera.
Gazteak protagonista
21 lagunek osatzen dute lan taldea, gehienak —12 lagun—, 11 eta 23 adin tartekoak. Hain zuzen, gazteak taldera erakartzea izan da Imazen hitzetan, antzezlanaren arrakasta handienetako bat; «gazteak protagonista izatea nahi genuen, gazteek ahotan ibil zezatela gai hau. Orreagako eszena osoa beraiek egiten dute. Benetan lan bikaina egin dute». Musika eta koreografia gazteen interesa pizteko egokitu zituen Imazek, eta bigarren birarako beste hainbat moldaketa ere egin dizkio antzezlanari: «gaztetxoetako asko neskak izanik emakumeen lana nabarmendu nuen, emakumea ahalduntzeko».
«Uste nuen gai honek merezi zuela taularatzea oso gertakari esanguratsua eta garrantzitsua izan zelako euskaldunontzako eta beharrezkoa zaigulako Orreagan gertatu zena ezagutzea»
Lourdes Imaz. Antzezlanaren gidoilaria eta zuzendaria
Lan taldean ere izan dira aldaketak; hasierako etapako hainbat gaztetxok taldea utzi zuten lehendabiziko emanaldiak amaituta, eta ondoren, berriak batu ziren; Ane Berasategi eta Elur Telleria, kasu. Berasategik 15 urte ditu eta aurkezle lanak egiten ditu. «Ondo pasatzeko» helburuarekin batu zen taldera, baina askoz ere gehiago jaso duela esan daiteke, «asko ikasi dut historia gaiez eta jendaurreko lotsak kentzeko ere balio izan dit. Ikaragarrizko esperientzia izan da», dio. Uste baino lan gehiago suposatu diola ere esan du, «denbora asko eskaini diogu, gorputz espresioa, hizketa egiteko modua… gauza asko ikasi behar izan ditugu».
Telleriak 23 urte ditu eta Eneko Aritzaren rola betetzen du. Taldera bigarren etapan batu bazen ere, ez da berria; 12 urterekin frankismoan girotutako Ez dira aspaldiko kontuak antzezlanean aritu baitzen aurretik. Ezberdina izan da esperientzia oraingo honetan «ardura handiagoa» izan baita. Hala ere taldekide gazteenen lana goraipatu du: «Beraiena da meriturik handiena, adin horrekin taldearekin horrelako konpromisoa hartzea ez da arruntena. Profesionaltasun handiz aritu dira gainera».
Azken emanaldiaren aurretik sentipen kontrajarriak dituzte biek ala biek. Egindako lanagatik «poza» batetik eta amaierak dakarren «pena» bestetik. Imazen sormenerako gogoak, dena den, nekaezin dirau eta merezitako atsedenaldiaren ondoren, jarraitzeko asmoa agertu du «ideiak badauzkagu buruan eta saiatuko gara zerbait egiten», agindu du.

Hasierako lan taldea, antzezlana estreinatu aurretik. LAIDA GOIBURU